Web mapa
Hizkuntzak

Donostiak suntsitu eta berreraiki zuteneko bigarren mendeurrena ospatu du 2013an, eta horrek markatu du hiriaren kultur agenda, 265 gertakari gehiago izan baitira, eta bertan 54.000 lagunek hartu baitute parte.

Balance 2013

Balantzea 2013.

Donostia Kulturatik ere parte hartu dugu oroitzapen-ospakizunetan, hori ere urteko gure programazioaren parte izan baita. Programazio horretan, ia 5.000 jarduera izan dira guztira, kultur eta jai-kudeaketako arlo guztietakoak batuta.

Hori ez da izan berrikuntza bakarra. 2013an, hiriak arrakastaz estreinatu zuen Hip Hip Urri! europar proiektua, familientzako kultur eskaintza aberasteko xedez. Eta DSS2016EUrekin (2016rako Europar Hiriburutzaren Fundazioarekin) dugun lankidetzari dagokionez, azpimarratu beharrekoak dira “Hazitegiak” izenpean biltzen diren sorkuntza-laborategi berriak, nondik hartu baitira arte-egoitzaldiak; esate baterako, Otso!, Ka dira eta Lloba-renak.

Kultur etxeek (hamaika gune), Donostiako zortzi auzotara hurbiltzen baitute kultura, beste errekor bat hautsi dute: 80.000 erabilera gehiago izan dituzte, 1.391.000 bisitari guztira 2013an, zerbitzu sorta zabalari eta 3.344 kultur jarduera eskaintzeari esker.

Beste datu deigarri bat: Donostia Kulturako 83.087 bazkideak, 2012an baino % 6,2 gehiago, % 80 donostiarrak, laster ematen ari baitira izena bazkideentzako arretarako lineako zerbitzuan, zeinak zerbitzu berriak eta abantaila gehiago baitakartza prezio, zozketa eta abarren aldetik.

Komunikazio-lerroari dagokionez, bi estrategia garatu dira nagusiki: bazkideen kudeaketa hori eta presentzia digital gero eta handiagoa (801.740 bisita donostiakultura.eus webera, % 23,19 gehiago; 276.320 bisita donostiakultura.tv-ra, % 154,74 gehiago; eta 2.589.005 orri ikusita, % 25,02 gehiago, guztira). Hiriko kultur agenda da web estrategia horren erakargarri nagusia, baina horrez gainera Festak unitatearen programazioak eta jaialdiek sortzen dute interes handiena komunikabideetan, ikastaroen eskaintzarekin batera. Nabarmentzekoak, halaber, informazio horretarako sarbidea ordenagailu bidezkoa izan zela % 82 kasutan, sakelakoen bidezkoa % 15ean, eta tableten bidezkoa % 5ean; aldagai horiek bizkor ari dira aldatzen gailu mugikorren alderantz, oro har.

Festak

Donostia Kultura Festak arloak kudeatzen ditu hiriko jai-gertaera nagusiak; 2013an, Donostiaren bigarren mendeurrenaren ospakizun horiei begira egin ziren batez ere.

Azpimarratzekoa da hiriak jaien erritmo horri eusten diola, bai neguko ospakizunetan –Santo Tomas, Olentzero, San Sebastian Eguna, Kaldereroak, Artzain eta Inudeak, Erregeen desfilea, eta abar–, bai jaialdietan ere: San Joan, Aste Nagusia, Euskal Jaiak, Estropadak… Horrez gainera, sustatzen dira auzoetako jaiak, eta abar. Horretarako, Donostia Kultura Festak unitateak oso harreman estuak ditu taldeekin eta eskolekin; 2013an, 542 elkarterekin izan genuen lankidetza zuzena.

Ez da txikiagoa herritarren parte-hartzea ospakizun horietan; horixe erakusten digu 2013ko datu-zerrendak: Haur Danborradak 7.500 parte-hartzaile izan zituen, eta kalkulatzen da ikusleak 30.000 inguru izan zirela; Helduen Danborradan, berriz, 15.143 parte-hartzaile izan ziren; Kaldereroetan, 5.600 lagun; Inauterietan, 7.140; Donostiako Aste Nagusian, jotzen da 1.093.468 lagun izan zirela publikoan, eta horietatik 705.000 inguru Su Artifizialen Nazioarteko 50. Lehiaketaz gozatzera hurbildu zirenak; 60.000 lagunek parte hartu zuten Santo Tomas egunean; eta kalkulatzen da 29.000 lagun izan zirela Donostiako Estropaden finala ikusten.

Balance 2013 (Fiestas)

Balantzea 2013 (Festak).

Kultur Etxeak eta Liburutegiak

Kultur zerbitzuen bitartez, Donostia Kulturak bermatzen du herritar guztiek izatea sarbidea kulturgune eta liburutegietara, programazio oso zabal eta ia osorik doakoa eskainiz, bai eta ikastaro sorta askotarikoa ere.

Ikastaroei dagokienez, Donostia Kulturak 872 ikastaro eskaini zituen 2013an, eta 6.916 erabiltzailek parte hartu zuten.

344 jarduera egin dira kultur etxeetan, eta horrek erakusten du urte osoan eskainitako programazioa askotarikoa eta hurbila izan zela.

Programa batzuk baino ez ditugu aipatuko 2013an nabarmendu direnen artean: Eliz Musikako Zikloa, bost kontzerturekin; Kale Antzerkia, non 15 konpainiak 22 ikuskizun aurkeztu baitzituzten 32 emanalditan, guztira 8.716 ikusle bildu zutelarik; Musika Parkean, bost kontzerturekin hiriko plaza publiko lorez apainduetan; Abesbatzen Zikloa, 1.300 entzule bildu zituena; Txotxongilo Jaialdia, eta abar. Datu gehiago kultur etxeei buruz: Ernest Lluch-en, adibide bat ematearren, 175.973 erabiltzaile izan zituzten zerbitzuek, eta horiez gainera 2.000 lagunek parte hartu zuten ikastaroetan; Aietek auzoko oroimen historikoaren parte bat berreskuratu zuen auzotarrekin batera antolaturiko erakusketa batean, eta gozo hartu zituen txikienak, 1.500 ikusle bildu baitzituen haurrentzako antzerkian, eta 2.500 haurrentzako zinean; Lugaritzek 31.353 ikusle izan zituen bere programazioan; Intxaurrondo oso bizkor bihurtu zen erreferente bat Donostiako musika-ekipamenduen artean, arlo horretan prestakuntzari, sorkuntzari eta zabalkundeari begira jardunda, entzule multzo berriak erakartzeko ekinbide sinpleak erabiliz, hala nola Gabriel Arestiren eta Betagarriren inguruko topaketak. Okendok 42.173 bisitari izan zituen erakusketetan; Casaresen hirukoiztu egin ziren Altza Historia Mintegia bildumara egindako kontsultak, eta 76.932 bisita izan zituen. 33.000 lagunek jo zuten Loiolara; ia 16.000 ikus-entzule izan zituzten Egian arte eszenikoetan… Hala, guztira 1.391.000 erabiltzaile osatu arte 2013an.

Donostiako udal liburutegi-sareari dagokionez, aipatzekoa da hiri osora zabaltzen diren 17 liburutegien artean milioi bat bisitaritik gora izan dituztela. Izan ere, 2013an 1.069.407 bisita izan ziren; hau da, 3.162 donostiarrek bisitatu zituzten egunero, batez beste, liburutegiak; eta maileguen kopurua 575.461ekoa izan zen. Horrek esan nahi du batez beste 3,14 mailegu direla biztanleko eta urteko, hots, Europako batez bestekoa.

Balance 2013 (Casas de cultura y bibliotecas)

Balantzea 2013 (Kultur etxeak eta liburutegiak).

Jarduerei dagokienez, Donostiako liburutegiek 863 jarduera antolatu zituzten 2013an, eta horietatik 647 euskaraz egin ziren. Nabarmentzekoak, horien artean, Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburutegien Eguna, DK Literatura jardunaldiak, Literaktum Jaialdia, “1813-2013: Donostia eraikitzen” irakur-gida, eta “Su haietatik hitz hauek” izenburuko koadernoa eta weba.

Azkenik, aipa dezagun Liburutegi Digitala, non 2013an kartelen sail bat sortu baita; bestalde, prentsa zaharra digitalizatzen jarraitzen dugu, eta horren emaitza dira 263.417 bisitak, hau da, 2.486.945 orrialde bisitatu dira.

Programazioa

Donostia Kultura da Gipuzkoako eragile nagusia leihatila-salmentetan ere. 2013an, 169.687 sarrera saldu zituen bere programazioan.

Musika-eskaintzari dagokionez, nabarmentzekoa da Victoria Eugenia Antzokian izan zirela Ismael Serrano, Pablo Milanés, Chuchito Valdés, Ara Malikian, Kepa Junkera, Judith Jauregui eta Ruper Ordorika; eta Antzoki Zaharrean, berriz, Nick Lowe, Alex Ubago, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez. Guztira 59 kontzertu izan ziren, horietatik 19 euskal musikaren arlokoak; 24.946 ikus-entzule. Horrez gainera, gero eta ugariagoak dira jaialdi edo zikloen bidezko musika-emanaldiak: Heineken Jazzaldia, Donostikluba, eta abar.

Arte Eszenikoetan, Soinujolearen semea izan genuen urtea hasteko, Euskadiko hiru antzoki nagusien arteko koprodukzioa, bai eta Malandain Ballet Biarritz-en Cendrillon ere; Eta ondotik izen handiak etorri ziren: Juan Diego Botto, Alfonso Sastre, Juan Echanove, Eva Hache, Maria Galiana, Amparo Larrañaga, Miguel del Arco, Daniel Veronese; ahaztu gabe udako antzerkia, zeinak urtez urte lehen mailan jartzen baitu Donostia antzerki-munduan, euskarazko antzerkian arrakasta "komertziala" lortu duten horrelako ikuskizunekin: Pottola, Emaztearen Semea, Goenkale eta Lingua Nabajorum. dFERIAz gainera, ezin ahaztu, noski, Donostia Antzerki Saria, Dantzaren Eguna, Eskolatik Antzerkira haur-programa, eta Poltsiko Antzerkia eta Kale Antzerkia zikloak. 99.668 ikus-entzule izan zituen, hala, Donostiak antzerkian eta dantzan egindako eskaintzak; 402 emanaldi.

Arte Eszenikoetan jarraituz, gainera jarduera berritzaileak izan ziren bai sorkuntzaren arloan eta bai ikus-entzule berriak erakartzeko ahaleginean.

Programazioan, funtsezkoa izan da Produkzio Unitatearen eginkizuna; izan ere, 801 produkzio gauzatu zituen 2013an (686 Donostiako agertokietan).

Zine eskaintzari dagokionez, banatu egin zen 2013an, Nosferatu programa ezagunean Estatu Batuetako Musikalari eskainitako zikloa izan baikenuen, eta ondotik Max Ophüls-en filmografiari eskainia. Tabakalerarekin, berriz, Labo saila egin genuen; horrez gainera, laguntza eskaini zitzaien Dock of the Bay eta Creative Commons zikloei, Zeinu-hizkuntzan egindako Zinemaldiari, eta abar.

Hirugarren urtez jardun dugu Filmazpit programa, euskaraz azpidatzitako filmen katalogoa osatuz. 2013an, 37.102 lagunek gozatu zuten Donostia Kulturaren zine-programazioaz; horietatik, 11.029k Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta 12.754k Giza Eskubideen Zinemaldian.

Balance 2013 (programación)

Balantzea 2013 (programazioa).

San Telmo Museoa

Donostiako museo horrek Europaren aitorpena jaso zuen 2013an, aipamen berezia egin baitzioten EMYA sarietan.

120.294 bisitari izan zituen museoak 2013an. % 30, donostiarrak, eta ondoren beste euskal herritar batzuk (% 25) eta nazioartetik etorriak (% 26). Parte handi bat, % 80, aldi baterako erakusketek erakarrita etorri ziren; hamaika izan ziren halakoak, eta, nabarmenen artean, aipa ditzagun Badu bada. Euskara mundu eleaniztunean, 17.531 bisitarirekin; Euria, 10.854rekin1813. Donostiaren setioa, suteak eta berreraikitzea, 20.694 bisitarirekin. Ingurune horretan, San Telmok Musikagileak zirkuituarekin batera parte hartu zuen, erakusketa horretan inspiraturiko bi musika-pieza sortzen.

Nabarmentzekoa da, halaber, bisita gidatuen kopurua, 945, 16.359 lagunekin; edo hitzaldien kopurua, 139, 7.119 parte-hartzailerekin.

Urgulli dagokionez, San Telmok “Donostiari begira” atala kudeatzen du Urgull mendiko Historiaren Etxean, zeinak 100.000 bisitari izan baitzituen irekita egondako bederatzi hilabeteetan.

Balance 2013 (Entrega de los premios EMYA)

Balantzea 2013 (EMYA sarien banaketa).

Jaialdiak

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, Z Danborrada estreinatu zen, keinu zonbi bat Bigarren Mendeurreneko oroitzapen-ospakizunei; 11.029 ikus-entzule izan ziren edizio horretan. Gainera, Surfilm Festibalaren XI. Edizioa, 1.667 ikus-entzulerekin; 9.500 lagun, Festibalak egindako proposamen guztietakoak batuz gero. Eta Giza Eskubideen Zinemaldiko 12.754 ikus-entzuleak, zeinean zenbait euskal produkzioren estreinaldiak nabarmendu baitziren: Alardearen seme-alabak, El método Arrieta edo Agronautas.

Antzerkian, urteroko hitzorduez gainera (Antzerkiaren Eguna, Dantzaren Eguna, Antzerki Saria, Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia), urteko topaketa profesional nagusia, nola ez, dFERIAren ingurukoa izan zen. Erabilitako bederatzi antzokiek 27 ikuskizun hartu zituzten, eta 7.243 ikus-entzule; 8.508 guztira, jarduera paraleloetako parte-hartzaileak ere zenbatuta. Ikuskizunen % 62 estreinaldiak izan ziren era batera edo bestera; % 51, euskal produkzioak Aipagarriena, nolanahi ere, Feriak merkatu aldetik izandako emaitza ona da; izan ere, programaturiko ikuskizunek ondorengo salmentan mugitutako dirua dFERIAren beraren aurrekontua baino 7,5 aldiz gehiago izan zen.

Musikari dagokionez, Heineken Jazzaldiaren 48. Edizioa da nabarmentzekoa; ikus-entzuleak % 18 emendatzea lortu zuen, 150.000 lagun guztira, programaturiko ehunetik gora kontzertuetan (hirurogeita hamar, doan). Musikako izen handiak, hala nola Jamie Cullum, Elvis Costello, Diana Krall edo Hiromi, eta euskal jazzari emandako bultzada handia, hemengo hogeita hamar taldetik gora programatu baitziren: horra edizioaren laburpena.

875 lagunek parte hartu zuten Literaktum literatur jaialdiak programaturiko 11 jardueretan, eta 3.197k Donostikluba programan.

Amaitzeko, Donostia Kulturak parte hartu zuen, 2016 Fundazioarekin batera, Olatu Talka 2013 antolatzen; programa horren helburua da lankidetzan aritzea kultur sorkuntza edo zabalkundea helburutzat duten erakunde, elkarte edo talde guztiekin, eta/edo ekinbide horietarako sarbidea erraztea herritar guztiei, modu desberdinean eta DSS2016 egitasmoaren helburuekin bat etorriz.

Balance 2013 (Festivales)

Balantzea 2013 (Jaialdiak).