Web mapa
Hizkuntzak

2012. urtea oroitzapen-urtea izan da Donostia Kulturarentzat. Batetik, Victoria Eugenia Antzokiak ehun urte bete ditu, ehun urte Donostiako kulturan puntarri izaten; bestetik, hamar kultur etxeetako hiruk, Larrotxene, Loiola eta Okendok, 25 urte bete dituzte beren auzoak eta, oro har, Donostia osoa kultura aldetik dinamizatzen.

Balance 2012

Balantzea 2012.

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, bideo batean jaso da bertan jardun duten artista behinenen lekukotza, eta web bat sortu da antzokiaren ehun urteen historia biltzeko mugarriz mugarri; bata zein bestea dira Victoria Eugenia Antzokiaren Mendeurrena ospatzeko sortutako lan nagusiak.

Kultur Etxe adinekoenek, berriz, Kultura guztiongana hurbiltzen lagundu dute —Donostiako zortzi auzotan dauden beste ekipamenduekin batera—; horixe frogatzen du 2012ko erabiltzaile-kopuruak, 1.305.323, 2011n baino % 13 gehiago.

Beste marka bat, kopuru aldetik: Donostia Kulturaren 77.931 bazkideak, 2011n baino % 8 gehiago, donostiarrak % 80; jendea bizkor ari da alta ematen bazkideei arreta eskaintzeko online zerbitzu berrian, zeina 2012an jarri baita martxan, eta zerbitzu berriak eta abantaila gehiago baitakartza prezioetan, zozketetan eta abarretan.

Komunikazio-ildoari dagokionez, bi estrategia garatu dira: bazkideen kudeaketa eta agerbide digital gero eta handiagoa (647.910 bisita donostiakultura.eus webera, % 38,49 gehiago; 103.633 bisita donostiakultura.tv-ra; eta 2.065.478 ikusitako orrialdeak).

Balance 2012 Donostia Kultura

Balantzea 2012 Donostia Kultura.

Kultur Etxeak eta liburutegiak

Kultura-zerbitzuak dira Donostia Kulturaren erantzukizun nagusietako bat; haien bidez, kultura-guneetara eta liburutegietara iristeko bidea bermatzen zaie herritar guztiei, programazio oso zabala eta gehienbat doakoa eskainiz, ikastaroen eskaintza askotarikoaz gainera.

Kultur Etxeen sare zabalak 752 ikastaro eskaini zituen 2012an, eta 8.382 erabiltzaile baliatu ziren haietaz; gainera, zerbitzu sektorialak ere hartu dituzte kultur etxeok, hala nola +55, haurtxokoa, gaztelekua, KZgunea, ikasketa-aretoak eta Donostiako liburutegi-sarearen parte bat. Datu adierazgarria da-eta, aipa dezagun 171.108 erabiltzaile izan direla kultur etxe bakar batean: Intxaurrondo Kultur Etxean, hau da, ireki den azkenean.

2.782 jarduera egin dira kultur etxe horietan, eta argi asko adierazten du horrek urtean zehar izan den jardunaren askotarikoa. Horrenbestez, ezinezkoa da programazio osoa xeheki zerrendatzea; beraz, programa batzuk besterik ez ditugu aipatuko, 2012an esanahi bereziren bat izan dutenak: SanmiguelDonostikluba, Poltsiko Antzerkia, etab; Donostiako auzoetan sakabanatuak dauden kulturgeneetan: Aiete, Casares-Tomasene, Egia, Ernest Lluch, Intxaurrondo, Larratxo, Larrotxene, Loiola, Lugaritz etaOkendo …

Datu gehiago: Ernest Lluchek, esaterako, 183.301 zerbitzu eskaini zituen, Egiak, 1.147 ikastaro, Casaresek 81.902 erabiltzaile izan zituen bere liburutegian, etabar luze bat aipatutako 1.305.323 erabiltzaile zenbatu arte, Kultur Etxe guztien artean.

Balance 2012 (Casas de cultura y bibliotecas)

Balantzea 2012 (Kultur etxeak eta liburutegiak).

Donostiako udal liburutegi-sareari dagokionez, aipagarria da ezen, nahiz eta zerbait jaitsi erositako liburuen kopurua, gehitu egin direla bai maileguak eta bai bisitariak, hirian zehar sakabanatutako 17 liburutegiek osatzen duten sarean. Hala, 2012an bisita-kopurua 1.091.541koa izan da, hots, % 4,66 gehiago; eta maileguena, berriz, 596.197koa, hau da, % 6,80 gehiago aurreko urtearekin konparatuta. Hortik ateratzen da 3,21 mailegu izan direla biztanleko urtean, hau da, Europako batez bestekoaren pare.

Emaitza horiek bermea ematen diote Donostiako liburutegietan ezarritako berrikuntzari; 2012an, honako egitasmo hauetan zertu da berrikuntza: VUFIND software libreaz egindako katalogoa, “Irakurketa digitaleko kluba” Ipad’s-ekin, e-readers-en mailegu gehiago —2012an LIBBUKa izan dugu, zeinak pantaila euskaraz izateko aukera ematen baitu—, bi blog (Liburu dantza, Liburutegien ahotsa)…

Programazioari dagokionez, nabarmentzekoa Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburutegien Eguna, DK Literatura jardunaldiak, Literaktum Jaialdia, Serafin Barojari eskainitako omenaldia heriotzaren mendeurrena betetzean, eta erakusketak, zeinetan 28.583 bisitari izan baitira.

Festak

Donostia Kultura Festak unitatetik kudeatzen dira Donostiako jai-gertaera nagusiak; 2012an, zenbait berrikuntza izan dira, hala nola Haur Danborradaren eszenaratze berri bat, emakumeen parte-hartze handiagoa San Sebastian eguneko bandera jasotzean eta jaistean, edo emakumeen estropadak gizonenekin parekatzea, egutegian batera jarrita. 2012an, gainera, Unitateak ahalegin berezia egin du Victoria Eugenia Antzokiaren Mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen, bai eta Olatu Talka 2012ren edizioa antolatzen ere, maiatzean.

Gainera, hor daude beste ospakizunak ere: Kaldereroak, Artzai eta Inudeak, Erregeen Desfilea, San Joan Bezpera eta Olentzero;Donostia Kultura Festak arduratu zen San Sebastian jaiaren antolakuntzaz; helduen Danborradan, 14.214 lagunek parte hartu zuten; haur danborradan, berriz, 7.400 lagunek; eta 35.000 ikus-entzule izan zituzten haurrek 2012an. Zenbaki handien ildotik, esan dezagun 6.000 lagunek hartu zutela parte Inauterietako konpartsetan, eta Aste Nagusiak eman zizkigula kopururik handienak, ohi bezala, 846.500 lagun gutxi gorabehera, horietarik parte handi bat Su Festen Nazioarteko Lehiaketari zor zaiolarik; izan ere, 49. edizioan, 621.000 ikusle bildu zituen.

Irailean, Euskal Jaiek 66 ekitaldi eskaini zituzten; besteak beste, Sagardo Eguna, non urteko lehen muztioa eskaini baitzen lehen aldiz Donostiako Konstituzio Plazan, bi idik tiratutako gurdi batean; baita Poesia gauak ere, baina batez ere Donostiako Estropadak, Kontxako Bandera jokoan zela. 29.000 bat ikusle izan zituen proba horrek, eta 25 traineru bildu zituen gizonezkoetan, eta 7 emakumezkoetan; lehen aldiz, batzuk eta besteak egun beretan lehiatu ziren. Azkenik, donostiar eta bisitari, 45.000 lagunek gozatu zuten Santo Tomas eguneko azokako giroaz, non 197 postu jarri baitzituzten; eta Eguberrietako Olentzero jaian, berriz, 500 parte-hartzaile izan ziren.

Balance 2012 (Fiestas)

Balantzea 2012 (Festak).

Programazioa

ANTZ3RKIZ da 2012an martxan jarri den egitasmo berri bat, zeinari esker zenbait ikuskizun koproduzitu baitituzte Bilboko Arriaga Antzokiak, Gasteizko Principalek eta Donostiako Victoria Eugeniak. Lehen ekoizpena Bernardo Atxagaren Akordeoilariaren semea izan da, Tanttaka konpainiak eskainia. Beste zenbait koprodukziorekin batera (Apache, Zer duzu, Amy eta La última canción), Ballet T bultzatu da, eta horri esker dantza-koprodukzioa ere egin ahal izan da, Malandain Ballet Biarritz-en eskutik, eta izan dira dantzaren inguruko beste eskaintza batzuk ere. Guztira, 415 funtzio eta 97.610 ikusletik gora.

Zine-eskaintzari dagokionez, urte osoan zehar izan da eskaintza, tartean Nosferatu zikloa eta euskal zinegileei eskainitako ildoa. Gainera, Tabakalerarekin batera, LABO atala ekoitzi da; Club Vasco de Camping-ekin batera, Menditour Mendi Zinemaldia; Emakumeen Etxea eta Plazandreok-ekin batera, Feministaldia zinemaldia… Ahaztu gabe Dock of the Bay, Cine Europeo en Ruta eta Filmazpit programa, Eusko Jaurlaritzak lagundua. Horiek guztiek batera, 32.800 ikusle-entzule bildu dituzte.

Musika-eskaintzan, nabarmendu beharrekoa Victoria Eugenia Antzokian 56 kontzertu egin direla, eta 22.000 ikus-entzule baino gehiago izan direla bertan. Arreta berezia eskaini zaio euskal musikari: besteak beste,Oskarbi, Gorka Knörr, Anje Duhalde, Jabier Muguruza, Mikel Azpiroz izan ditugu, eta Xiberoko Sutondoan ikuskizuna, non omenaldia egin baitzitzaion Dominika Etxarti. Nabarmendu dezagun, halaber, San Miguel Donostikluba musika-zirkuitua, 12.500 ikus-entzule erakarri eta 45 kontzertu osatu zituena.

Balance 2012 (programación)

Balantzea 2012 (programazioa).

San Telmo Museoa

2012an, 115.575 bisitari izan ditu Donostiako museo honek. % 31, donostiarrak, eta ondoren, kopuruz, Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetakoak (% 25) eta atzerritarrak (% 26). Asko eta asko, % 78, aldikako erakusketek erakarri dituzte; guztira, 14 izan dira, eta honako hauek nabarmendu dira formatu handiagatik: “Jose María Sert: modeloaren argazki artxiboa”, “Bazterrekoen irudiak”, “Pantaila Globala”, eta “Badu bada”, zeinarekin sartu baikara 2013an.

Nabarmentzekoa, halaber, bisita gidatuen kopurua, 566 urtean zehar, eta 11.839 parte-hartzaile; edo hitzaldi-kopurua, 197, 11.070 parte-hartzailerekin.

Urgulli dagokionez, ireki eta ondorengo ia bederatzi hilabeteetan, 107.927 bisitari izan zituen.

Balance 2012 (Museo San Telmo)

Balantzea 2012 (San Telmo Museoa).

Jaialdiak

Azkenerako utzi ditugu Donostia Kulturak antolatutako jaialdiak; horiek dira, maiz —ziur asko, hiri honek jaialdiei eman ohi dien erantzun ezin hobeagatik—, erakunde honen programazioaren alderdirik ikusgarriena. Horietako batzuk ospeak, giroak edo parte-hartzaileen izenek nabarmenarazi dituzte:

Esate baterako, zinean, Surfilm Festibalaren X. edizioa izan genuen 2012an, eta 4.017 ikus-entzule bildu zituen; bertan izan zen Jack McCoy, genero horretako mito bizi bat. Giza Eskubideen Zinemaldiak, berriz, 25.591 ikus-entzule bildu zituen, gehi beste 14.656, jarduera paraleloetan; Iciar Bollaini eman zitzaion zinemaldiko sari berezia. Eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, 32.950 lagun etorri ziren emanaldiren batera; Mario Vaquerizo “banpirotua” izan zen Astearen irudia.

Antzerkian, urteko hitzordu ohikoak: Antzerki Eguna, Dantzaren Eguna, Antzerki Saria, Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia, zeinak 1.600 ikus-entzule bildu baitzituen; gainera, topaketa profesional nagusia, ohi bezala, dFERIAren inguruan izan zen. Donostia Kulturaren sei agertokiek 24 ikuskizun hartu zituzten, eta 8.713 ikus-entzule bertaratu ziren; hau da, aurreko urtean baino % 25 gehiago, eta 309 akreditatu (% 26 nazioartetik etorriak). 2012ko Ferian, euskararen presentziak gora egin zuen (5 antzerki-lan), bai eta estreinaldiek ere (% 65 guztira).

Balance 2012 (47. Heineken Jazzaldia)

Balantzea 2012 (47. Heineken Jazzaldia).

Musikari dagokionez, aipatu beharrekoa Heineken Jazzaldiaren 47. edizioa, non aurreko urtean baino % 6 entzule gehiago bildu baitziren, 122.000 lagun, 104 kontzertutan. Musikako izen handiak, eta bultzada handia Euskal Herriko jazzari, hogeita hamar talde baino gehiago sartu baitziren programazioan: horra edizioaren laburbilpena.

Gainera, Donostia Kulturak Olatu Talka 2012ren antolakuntzan parte hartu zuen 2016 Bulegoarekin batera; izan ere, prest dago erakunde, elkarte edo kolektibo ororekin lankidetzan aritzeko, baldin eta helburua kultur sorkuntza edo adierazpidea izatea bada, edota ekinbide horietarako sarbidea erraztea mundu guztiari, dss2016euko helburuekin bat datorren modu ezberdin eta koherente batean.