Web mapa
Hizkuntzak

Donostiako kultur eta jai-eskaintzaren eragile gisa, Donostia Kulturak oso urte bizia izan zuen 2011. Izan ere, martxoan San Telmo Museoa ireki zenean eta urtearen azken aldera Kultur Etxea Intxaurrondon, bi ekipamendu gehiago izan zituen udal erakunde honek kultura esparru guztietan kudeatu eta sustatzeko.

Balance 2011 (Donsostia Kultura)

Balantzea 2011 (Donostia Kultura).

Aipamen berezia merezi du 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izatea lortu izanak. Ekainaren 28an iragarri zen, eta oniritzi handi baten adierazpena izan zen hori hiriaren kultur jardueraren alde, bai eta erronka handi bat ere, datozen urteetako ibilbidea markatuko duena.

Krisia alde batera utzi gabe ―atal eta arlo guzti-guztien azterketetan aipatzen da―, Donostia Kulturak bere kopururik handienak iritsi zituen 2011n: milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen zerbitzu-egitura nagusietan, hau da, kultur etxeetan eta hiriko liburutegi-sarean.

San Telmo Museoa

Hiriko ekipamendu nagusietako batetik hasiko gara: San Telmo Museotik. Martxoaren 28an ireki zituen berriro ateak; bi egunetan izan zituen "ateak zabalik" eta 20.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren. Guztira, 134.997 lagunek bisitatu zuten San Telmo 2011n, batez ere museoa eta erakusketak ikusteko (% 77,7), baina baita Museoko aretoetan egin ziren jarduera ugari eta askotarikoetan parte hartzeko ere (% 22,3). Jatorriari dagokionez, kopuru horren erdia donostiarrak eta Euskal Herriko beste alde batzuetakoak izan ziren, eta beste erdia kanpotarrak.

Balance 2011 (Exposición 6Mil Millones de otros.)

Balantzea 2011 (6Mil Millones de otros erakusketa).

Edukien aldetik, aldikako erakusketak nabarmenduko genituzke; 83.875 bisitari erakarri zituzten 2011. Nagusia, eta inauguraziorako eratu zena, 6 Mil Millones de otros izan zen; ondotik, Federico Fellini, el circo de las ilusiones. Laborategi-aretoan edo kafetegian ere izan ziren beste erakusketa batzuk: (FAB) Bots, La Aventura de la prehistoria eta Mercados del Mundo.

Aipatzekoa, halaber, erakunde eta kultur eragileekin sortutako harreman-sare zabala, Museoan jarduera multidiziplinarioak egiteko.

Urgulleko kulturguneari dagokionez, berriz, Motako Gazteluko erakusketa, Donostiaren historiari buruz, nahitaezko bisita bihurtu da turistentzat, eta bisitari-kopuru handia lortu zuen berriz ere: 119.719 bisita 2011n.

Kultur Ekintza

Donostiako zortzi auzotan dauden hamar kultur etxeek, Udalak kultura hurbiltzeko eta parte-hartzea bultzatzeko duen estrategia bideratze aldera, Intxaurrondo Kultur Etxea irekitzea izan zuten berritasun nagusia (2011ko abenduan); horrez gainera, Aietekoak, urtebete lehenago ireki ondoren, oso datu onak izan zituen, sendotuz joan den seinale.

Programazioari dagokionez, berriz, kultur etxe bakoitzak bere espezialitatean jarraitu zuen lanean, baina zeharkako programak ere garatu ziren, hala nola San Miguel Donostikluba musika-zirkuitua (51 kontzertu eta 11.000 lagun), Musika Parkean (2.500 lagunek parte hartu zuten musika-pikniketan Aiete, Loiola, Cristina Enea, Miramar eta Urgulleko parkeetan), eta Hiriaren Oroimena, 2011n Loiolan eta Amaran egindako egitasmoa.

Balance 2011 (Acción cultural)

Balantzea 2011 (Kultur ekintza).

Aipamen berezia merezi dute lehendik datozen bi jaialdik: Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia, non 2.000 lagun baino gehiagok hartu baitzuten parte formatu txikiko 24 emanalditan, eta Literaktum literatura-jaialdia, VII. edizioan web-orria estreinatu eta egoitza gehiago izan zituena: San Telmo Museoa, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoa, eta Zumaiako Zuloaga Museoa.

Gainera, beste berritasun bat, euskarazko poltsiko anzerkiaren ekoizpenari bultzada emateko: euskarazko sorkuntza-egitasmoen lehen deialdia egin zen, Poltsiko Antzerki Sorkuntza.

Guztira, 174.414 lagunek parte hartu zuten kultur etxeek programaturiko jardueretan, eta 1.149.038 lagunek erabili zituzten zerbitzuak: liburutegia, Haurtxokoa, Gaztelekua, Plus 55, ikasteko gelak, KZgunea, eta abar. Kultur etxeka, hauek nabarmendu ziren: Okendo, Gros auzoan, 242.441 bisitari; Ernest Lluch, Amaran, 225.328 bisitari; Egia, 152.517 bisitari; eta Casares-Tomasene, Altzan, 138.960 bisitari.

Festak

Tradizio bihurtzen ari da: hirugarren urtez jarraian, Festak unitateak liburu bat argitaratu zuen, 50 años en compañía, Haur Danborradaren 50. urteurrenaren oroigarri. Ospakizun horrek eta Errege Magoen desfileak eman zioten hasiera urteari; partaide gehiago bilduko zituen urteari. San Sebastian egunean, 111 izan ziren helduen danborradak. Kaldereroen eta Artzai eta Inudeen ondoren, 5.375 donostiar eta 29 konpartsa ibili ziren Inauterietan.

Balance 2011 (fiestas)

Balantzea 2011 (festak).

Berritasun bat: San Joan bezperan, Udalbatza berriak Soka Dantzan parte hartzeko tradizioari heldu zion berriz, Konstituzio Plazan. Eta Aste Nagusian, ohiko Abordaiaren ondoren, zeinetan 500 baltsak hartu baitzuten parte, milioi bat lagun inguru bildu zen Saguesen gaueko kontzertuetan. Su Festen Nazioarteko 48. Jaialdiari dagokionez, piromusikal baten bidez eman zion amaiera Aste Nagusiari, herritarren parte hartzea eskertzeko, haien bidez lortu baita Donostia Europako Kultur Hiriburu izatea 2016an.

Donostiako Euskal Jaiak eta Estropadak, irailean; Santo Tomas, 197 posturekin, eta, urtea amaitzeko, Olentzero berezi bat, 2011n Urgull menditik jaitsi baitzen, eta, lehen aldiz, Mari Domingik lagunduta.

Liburutegiak

1.041.046 bisita izan zituen Liburutegien udal sareak, eta 558.229 mailegu (hau da, aurreko urtean baino % 6,86 gehiago). Horrek esan nahi du batez beste 3.424 lagunek erabili zitzutela liburutegietako zerbitzuak eguneko, eta 3,01 mailegu egin zirela liburutegietan urtean herritar bakoitzeko.

Donostiako liburutegiek, gainera, 698 jarduera egin zituzten, eta 14.725 herritarrek hartu zuten parte; nabarmentzekoa sarea hazi egin zela neurri fisikoz ere, 982 metro koadro gehiago, Intxaurrondoko liburutegia kokatu baitzen Intxaurrondo Kultur Etxe inauguratu berrian.

Arte Eszenikoak

Arte Eszenikoetan, azpimarratzekoa eskola antzerkiko beste egitasmo bat jarri zela martxan, Eskolatik Antzerkira izenekoa, txikienen artean arte eszenikoak sustatzeko xedez, ikastetxeen laguntzarekin. 4.000 ikasle baino gehiago pasatu ziren bertatik, eta ondoren ikastegietan landu zuten antzerkian ikusitakoa. Urte horretan, halaber, San Petersburgoko Eiffman Balletak eta Alicia Amatriainek egin zuten dantzan Donostian; antzerkian, berriz, El mercader de Venecia, Tricicle eta Contra el viento del Norte ikusi ahal izan ziren. Donostia Kulturaren lau antzokiek (Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena eta Imanol Lartzabal) 350 funtzio programatu zituzten guztira, antzerkia eta dantza, eta 85.000 ikusle baino gehiago bildu zituzten.

Euskarazko antzerki-lanentzako saririk garrantzitsuena, Donostia Antzerki Saria, Errautsakentzat izan zen.

Jaialdiei dagokienez, dFERIA 2011k 4.300 ikusle bildu zituen eskainitako 20 ikuskizunetan, eta beste 2.700 lagunek parte hartu zuten jarduera paraleloetan. Akreditaturiko 246 profesionalak ere ezinbestekoak izan ziren feriaren helburu nagusiak lortzeko: Euskal Herriko arte-produkzioaren erakusleiho izatea kanpora begira; lortu zituzten kontratuek 7,5 aldiz handitu dute dFERIA antolatzeko erabilitako aurrekontua.

Azkenik, esan behar da BALLET T (Mugaz haraindiko Zentro Koreografikoa) sendotu egin zela eta beste urtebetez ere ikuskizun berri bat ekoitzi duela Malandain Ballet Biarritzekin. Oraingoan Lucifer izan zen.

Zinea

François Truffaut eta Federico Fellini izan ziren 2011ko protagonistak zineari dagokionez, biei eskaini baitzitzaizkien urteko bi Nosferatu zikloak.

Giza Eskubideen Zinemaldiak, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta Amstel Surfilm Festibalak ere bete zuten helburua: gaikako zinemari mailarik onenean eustea urte osoan. 2011n, 41.104 ikusle izan zituen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen XXII. Edizioak, eta 23.409, berriz, Giza Eskubideen Zinemaldiak, non Kim Longinotto britainiar dokumentalgileak jaso baitzuen Zinemaldiko sari nagusia.

Lehen aldiz, LABOen azken edizioa (Clermont-Ferrand-eko film laburrak, Tabakalerarekin programatzen ditugu) Antzoki Zaharrean egin zen. Beste berrikuntza bat: Euskadiko Filmategiarekin sinatutako hitzarmenak Alex de la Iglesiari eskainitako atzera begirakoa antolatzea ekarri zuen. Bestalde, 2011n Donostia Kultura Filmazpit programa hasi zen kudeatzen Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin: euskaraz azpidatzitako filmen katalogo bat, kultur zirkuituetan zabaltzekoa.

Musika

Musikari dagokionez, Donostia Kulturak 158 kontzertu antolatu zituen guztira. Partaidetza aldetik, % 26,3 hazi zen, 71.367 entzule, batez ere Classic eta San Miguel Donostikluba programak sendotzeari esker. Izenen ugariak erakusten du entzundako musikaren askotarikoa; Ken Zazpi, Deer Ticks, El Guincho, Ainhoa Arteta, The Divine Comedy, Ivo Pogorelich, El sueño de Morfeo, Los secretos, Ruper Ordorika, Jay Jay Johanson...

Balance 2011 (Heineken Jazzaldia)

Balantzea 2011 (Heineken Jazzaldia).

Heineken Jazzaldiari dagokionez, 46. edizioa egin zen uztailean, eta 75 kontzertu izan ziren; 115.595 ikus-entzule erakarri zituzten, hau da, 1.541 herritar batez beste. Euriak zenbait kontzertu bertan behera uztera behartu zuen, baina hala ere aurreko urteetako kopuruak gainditu ziren. San Telmo Museoa ere sartu zen Heineken Jazzaldian, lehen aldiz, eta Toots Thielemens belgikar musikariak jaso zuen Donostia Jazzaldia saria.