Web mapa
Hizkuntzak

Urriaren 24an Liburutegien Eguna dela eta, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Medialab Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak elkarlanean Liburutegia, lankidetzan sortutako eduki sortzailea izeneko jardunaldia antolatu dute Medialab Tabakaleran.

2023ko Liburutegien Eguna

Hamaikagarren urtez jarraian, hiru erakundeek bat egin dute liburutegien bilakaera bultzatuko duten ideien eta esperientzien trukea sustatzeko.

Jardueren programazioa urriaren 22an hasiko da Tabakaleran, Joaquim Jordà eta Núria Villazán zuzendarien Mones com la Becky film dokumentalaren emanaldiarekin, iluntzeko 19:00etatik aurrera.

Urriaren 24an, Medialab Tabakalera lan-jardunaldi baten topagunea izango da, jendearentzat irekia, eta elkarlaneko artxibo, hedapen eta sorkuntza ereduen inguruan lan egingo dute. Jardunaldian hiru liburuzain adituk hartuko dute parte: Oskar Hernández, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren hemeroteka orokorraren kudeatzaileak; Alicia Sellés, Artxibistika, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Elkarteen Espainiako Federazioaren presidente ohiak; eta Alicia Rey, Huescako Udalaren Liburutegi Koordinaziorako Zerbitzuaren arduradunak. Saio honetarako izen-ematea urriaren 15era arte egon da zabalik hiru erakunde antolatzaileen webguneetan.

Urriaren 24ko jardunaldiari amaiera emateko, María Zaragoza idazleak, 2022ko Azorin eleberri saria jaso duenak, Udal Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kalea) parte hartuko du La biblioteca del fuego liburuaren inguruko literatur solasaldian. Solasaldia Ylenia Benitok gidatuko du, iluntzeko 19:00etatik aurrera.