Hizkuntzak
Itziar Agirre Sagasetak irabazi du IX. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 18, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bederatzigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Itziar Agirre Sagaseta (Donamaria, 2001) da, Orain zuk honekin egin nahi obragatik.
Itziar Agirre Sagaseta
Bioteknologiako Gradua ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, eta ondoren Biomedikuntzako Masterra Bartzelonako Unibertsitatea-n. Gaur egun, Irakasletzako Masterra egiten ari da Universidad Internacional de La Rioja-n, eta euskara irakasle gisa lan egiten du Iruñeko Arturo Campion IKA euskaltegian. 2022an, egile berrientzako XXXII. literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen Sartu ez dena ezin atera lanagatik.
Hona hemen epaimahaiaren balorazioa (Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi):
“Lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz”.
Finalista izan den lana ere azpimarratu nahi izan dute: Letrak, etzanez izenburukoa, kalitate handikoa hau ere.
Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan zen.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain, Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa plazaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.
Informazio gehiago: Donostia Kultura Poesia Lehiaketa.
