Web mapa
Hizkuntzak

Larratxo

Kultur Etxea

Poltsiko Antzerkia Jaialdia antolatu dute kultur etxeek 2024ko maiatzaren 2tik 19ra. Emanaldiak ostegunetik igandera izango dira auzoetako hainbat taberna eta ezohiko espaziotan. Umorea, kabareta, magia, mentalismoa, bakarrizketak, musika... izango dira jaialdiaren osagai nagusiak.

2024ko Poltsiko Antzerkia jaialdiaren azala

Jaialdi honen xede nagusia da barietate antzerkia zabaltzea hiriko auzoetara, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere.

Betiko moduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da. Guztira, 14 konpainiak 32 emanaldi taularatuko dituzte; horietatik 16 euskaraz izango dira eta 16 gazteleraz. Emanaldiak hiriko 25 espaziotan banatuko dira.

Tartean bost estreinaldi izango dira: Poltsiko Antzerki Sorkuntzako F taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lan irabazlea eta Maider Díaz eta Xabin Fernandezen antzezlan finalista, Famiglia. Era berean, Tessa Andonegi eta Ainhoa Ayerbek Desorduetan estreinatuko dute, Maitetxu Miak Hau da hau euskandaloa! eta Andoni Mutiloaren Gora Poltsiko antzerkia!

Jaialdiko azken ostiralean, maiatzaren 17an, Convent Gardeneko kriptan egingo den festan proposamen bikoitza prestatu da: The Chanclettes & La Mega Pubillaren La Santa Fiesta, umorez, musikaz eta probokazioz betetako ikuskizuna; baita lehen aipatutako Andoni Mutiloaren Gora Poltsiko Antzerkia! kabareta ere. Gonbidapenak hilaren 17an bertan, goizeko 11:30etik aurrera, jaso ahalko dira webgunean (Poltsiko Antzerki Jaialdiko festa) eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan.

Informazio gehiago: 2024ko Poltsiko Antzerki Jaialdiko agenda (webgunea).