Web mapa
Hizkuntzak

Intxaurrondo

Kultur Etxea

Poltsiko Antzerkia Jaialdia antolatu dute kultur etxeek 2025eko maiatzaren 8tik 25era. Emanaldiak ostegunetik igandera izango dira auzoetako hainbat taberna eta ezohiko espaziotan. Umorea, kabareta, magia, mentalismoa, bakarrizketak, musika... izango dira jaialdiaren osagai nagusiak.

Milagros & Valentina

Jaialdi honen xede nagusia da barietate antzerkia zabaltzea hiriko auzoetara, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere.

Betiko moduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da. Guztira, 16 konpainiak 31 emanaldi taularatuko dituzte; horietatik 8 konpainia emakume hutsez osatutakoak dira, 4 gizonezkoenak eta beste 4 mistoak. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan banatuko dira. Tartean Poltsiko Antzerki Sorkuntzako Amahiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundua lan irabazlea eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson antzezlan finalista izango dira. 

Aurtengo edizioan nabaria dira bakarrizketak eta inprobisazio estiloko ikuskizunak. Umorezko bakarrizketak genero askotariko testuinguruetan aurkezten dira, hala nola Bihotz, bi hots, bi txotx (Garazi San Martín) eta Dejarme sola (Belén Nevado). Formatu arin eta hurbil honen bidez, sortzaileek gaurkotasuneko gaiak, intimitateak edo identitateak umorearen bidez lantzeko aukera ematen dute, ikus-entzulearen parte-hartzea bultzatuz.

Jaialdiko azken larunbatean, maiatzaren 24an, Convent Gardeneko kriptan egingo den Festan proposamen bikoitza prestatu da: Gurutze Beitiaren Yo y mis circunstancias, umore gazi-gozoz bizitzaren gorabeherei buruzko bakarrizketa; eta bestetik, Antton Telleriaren Ninini, egolatriaren eta zintzotasunaren arteko oreka zentzugabe batean murgiltzen den pieza barregarria. Gonbidapenak hilaren 23an, bezperan, goizeko 11:30etik aurrera, jaso ahalko dira webgunean (Poltsiko Antzerki Jaialdiko festa) eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan.

Hona hemen Donostia Kultura Irratiko Ispilu Beltza saioan Maider Uriartek Jon Aizpuruari, Kultur Ekintzako arduraduna, eginiko elkarrizketa.

Informazio gehiago: 2025eko Poltsiko Antzerki Jaialdiko agenda (webgunea).