Web mapa
Hizkuntzak

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egunero egongo dira zabalik, eta haurrentzako programazio berezia eskainiko dute astelehenetik ostiralera, doan. Dbusen 39 zenbakia duen linea martxan egongo da.

Urgull: Natur Txokoa. Argazkilaria:  Oskar Moreno
Oskar Moreno

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra urtero udan ohi denez, Urgull aisialdi eta kultura eskaintzan hiriko protagonistetako bat bihurtzen da bertako hiru guneetan proposatutako jarduerekin eta erakusketarekin.

Eskaintza honek aisialdia, natura eta kultura uztartzea du helburu eta bereziki haurrei zuzendua dago.

Liburutegia, Damen baterian kokatua, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak kudeatzen du.

Natur Txokoa, Gobernadorearen baterian, ingurugiroa hedatzeko helburupean Cristina Enea Fundazioak kudeatutako ingurumen-ikasgela da.

• Azkenik, San Telmo Museoak kudeatzen duen Mota Gazteluko Historiaren Etxeak, hiriari buruzko erakusketa eskaintzeaz gain, Donostiari begira, hiru guneetako programazioa koordinatzen du.

Uztailaren 1etik aurrera, Urgulleko hiru udal guneak astelehenetik igandera egongo dira zabalik.

Haur jarduerak astelehenetik ostiralera

Horrez gain, astelehenetik ostiralera, 18:00etan, jarduerak burutuko dira hiru guneetako batean: astelehen eta ostegunetan, Liburutegian; astearte eta asteazkenetan, Natur Txokoan, eta ostiraletan, berriz, Historiaren Etxean.

Orokorrean, jarduerak 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta daude, eta denak izango dira euskaraz eta doakoak (sarrera librea lekuak bete arte).

Besteak beste, jolasak, magia, ipuin kontaketak eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzak egongo dira, baita ingurugiroarekin eta hiriaren historiarekin loturiko tailerrak ere.