Web mapa
Hizkuntzak

San Juan gaua gau berezia da munduko hainbat lekutan, orduan ospatzen baita udako solstizioa. Donostian, jarduera nagusi eta tradizionala Konstituzio Plazan egin ohi den dantza da, zuhaitz baten inguruan. 2023. urtean, ekainaren 23an (ostirala), 20:00etan izango da ekitaldi nagusia.

Goizaldi dantza taldea suaren inguruan dantzan.
Goizaldi dantza taldea suaren inguruan dantzan.

Urtero, Goizaldi dantza taldeak Zortzikoa eta Gizon Dantza dantzatzen ditu Konstituzio Plazan ipini ohi den lizarraren inguruan. Gizon Dantza udal agintariek dantzatu izan dute plazaren erdian, Jaietan.

Donostian, 1700. urtean jadanik dantzatzen zen, eta XVIII. mendean tradizio hori desagertu bazen ere, gerora berriro piztu zen.

Azken urteotako berreskuratze-lana Goizaldi dantza taldeari zor zaio. Izan ere, 1948. urtean sortu zenetik, ez du behin ere huts egin San Juan bezperako hitzordu honetan.

Konstituzio plazan zuhaitzaren inguruan egiten den dantzaldia

Konstituzio plazan zuhaitzaren inguruan egiten den dantzaldia.

Jatorria

Ohitura honen jatorria udako solstizioa ospatzeko egiten ziren ekitaldiekin lotuta dago. Ekainaren 21ean izaten ziren ipar hemisferioan, eta errito nagusia su bat piztea izan ohi zen. Erritoaren zertarakoa “eguzkiari indarra ematea” zen, egun haietatik aurrera “ahulduz” joaten baitzen (egunak laburtuz joaten dira neguko solstiziora bitarte). Sinbolikoki, suak badu “arazte” betekizun bat ere hari begira daudenengan.

Egun horrekin lotutako beste errito bat landare eta lore sorta bat biltzea izan ohi da, sua piztu aurretik, eta etxean zintzilik jartzea hurrengo urtean sutara botatzeko. Hori eginda, gaixotasunak uxatzen dira, etxea sorgin eta espiritu gaiztoetatik gordetzen, eta bertan bizi direnen osasuna babesten da.