Web mapa
Hizkuntzak

Egia

Kultur Etxea

Donostiako kultur etxeek 34. Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren balantze bikaina egin dute, bai hiritarren erantzunagatik, bai antolakuntzari dagokionez. Aurten, batez beste, 2.332 lagun bertaratu dira antzerkiaz, umoreaz, magiaz, musikaz eta kabaretaz gozatzera maiatzaren 8tik 25era.

Asis Hansson
Iñaki Rubio

Entretenitzeko eta harritzeko asmoz, amaitu berri den edizioaren programazioak antzerkia, umorea, magia, ilusionismoa, bakarrizketak eta musika izan ditu osagai nagusitzat. Asis Hansson, Belén Nevado, Lorena Arangoa eta Aintzane Baleztena, Virginia Imaz … eta hainbat artista tabernatan eta beste ez ohiko espazioetan ikusi ahal izan dira. Gainera, edizio berri bakoitzean egin ohi bezala, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakume zein gizonezkoen parte hartzea nahiko parekatuak izatea lortu da.

Guztira 16 konpainiek 31 emanaldi egin dituzte eta horietatik erdia euskaraz izan dira. Horietatik 8 emakumez osatutako taldeak izan dira, 4 gizonez osatutakoak, eta beste 4k, berriz, emakume eta gizonen arteko talde mistoak. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan egin ziren. Konpainiek eskerrak eman dizkiote Donostia Kulturari eta ikuslegoari.

Era berean, antolakuntzak hiritarrei eskertu nahi die emanaldiei harrera bikaina egin izana. Poltsiko Antzerki Jaialdiak beti izan du publiko fidela eta aurten ere hainbat ikusle berriro elkar topatu dira Donostiako kultur programazioan klasikoa den ekitaldian.

Amaitzeko nabarmendu jaialdi hau Donostiako kultur etxeen eguneroko lanaren adibide argia dela. Izan ere, kultur etxeek bestelako begirada bat ematen diete hiriko kultur programei hiritarrengandik hurbil dauden ekipamenduak baitira.

Gaur, maiatzak 26, zabaldu da epea Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XVI. deialdian izena emateko. Irailaren 14a arte egongo da proiektuak aurkezteko epea.

Hona hemen 2025ko Poltsiko Antzerki jaialdiko hainbat argazki (albuma Flickr-en).

Poltsiko Antzerkia 2025