Hizkuntzak
Friki Harrotasunaren hilabetea Egiako Liburutegian
Mahai-jokoak, rol-jokoak, munduko kasete birbobinatze txapelketa, Friki zozketa... Egiako Liburutegian Friki Harrotasunaren hilabetea ospatuko da maiatzean zehar eta programa berezia antolatu dute lau ekintza nagusirekin.

Friki Harrotasunaren jaialdiaren baitan jarduera paraleloak ere izango dira hilabetean zehar. Jarduera horien bidez, Egia auzoko neska-mutilek liburutegia apainduko dute "frikien kanonek agintzen duten bezala.
Hona hemen Egiako Liburutegian prestatutako programa (ekintza guztiak 18:00etan izango dira):
-
Maiatzak 16: Mahai Jokoen Erauntsia. Frikiegiako leloetako bat hauxe da: "friki bat bera ere ez bere mahai jokorik gabe", beraz, taula eta dadoaren festa izango da.
-
Maiatzak 23: It's only rol, but i like it . Rol jokoak gustoko dituztenentzat, partida batzuk antolatu dituzte auzoko gaztetxoekin, bertako beteranoenekin eta erdian daudenekin. Aukeratutako gaia hau da: Nor da hiltzailea, Marple anderea?
-
Maiatzak 28: Kasete birbobinatze III. Mundu Txapelketa Bic Boliarekin. Beso eta eskumutur boteretsuenak azkarrenak izateagatik borrokatuko dira.
- Maiatzak 29: Urteroko hitzorduan hutsik ez egiteko, aurten ere Friki Zozketa Handia egingo da. Bertan, parte hartzaileek liburutegiko opari esklusibo bat irabaz dezakete. Hainbeste urteren ondoren, denetarik oparitu dute: katiluak, kamisetak, sukaldeko mantalak, eskuoihalak... 2025ean, berriz, opari berezia: giltzatakoa eta diru-zorroa.
Zozketarako txartelak hainbat bidetatik lor daitezke:
- Liburutegiko dokumentu frikiak maileguan hartuta, hala nola telebista-serieak, komikiak, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuak, film fantastikoak eta horrelako lanak.
- Friki-Trivialean egunero parte hartuz.
- Poster-Frikietako pertsonaiak asmatuz.
Dagokion txartelaz gain, parte hartze bakoitzeko txapa bat emango da, friki diseinu batekin apaindua.