Web mapa
Hizkuntzak

Bi erakundeok bi helburu dituen akordioa sinatu dute: batetik, Donostiako jarduerak eta kultur etxe eta liburutegietako zerbitzuak Basque Culinary Center-eko ikasleei hurbiltzea; bestetik, Gastronomiarekin zerikusia duten abantailak eskaintzea Donostia Kultura txartelaren jabeei.

Abantaila hauek, besteak beste: % 10eko deskontua BCC Culinary Club-ek zaleentzat antolatzen dituen ikastaroetan eta Tabakalerako LABe jatetxean, eta, gainera, Basque Culinary Center-eko gastronomia-esperientzietarako zozketan parte hartzea urtean zehar.

Basque Culinary Center-ekin sinatutako akordioa beste urrats bat da Donostia Kulturarentzat, hiritarrei kulturarako irispidea errazteko lanean, eskaintza ahalik eta zabalenaren eta arreta gero eta pertsonalizatuagoaren bitartez.

Basque Culinary Center-eko ikasleek errealitate multikulturala osatzen dute –gaur egun, 32 herrialdetatik datozen ikasleak ditu erakundeak–, eta akordio honen bidez ikasleok sendotu egingo dituzte hiriko kultur bizitzarekiko harremanak.