Web mapa
Hizkuntzak

Itziar Ituño protagonista duen kartel ofizialetik beretik hasita, sorginkeria da zinema jaialdiaren aurtengo leitmotiva. Bruixes–Sorginak–Brujas. Akelarre ilustratua erakusketarekin eta 2000maniacos fanzinearekin batera, gaiari lotuta datorren Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburua San Telmo Museoan aurkeztuko da urriaren 26an, arratsaldeko 19:00etan. 

Sorginkeriari buruzko ikonografia euskarria

Liburuaren aurkezpenean Elisa McCausland eta Diego Salgado egileek hartuko dute parte, Amaia Nausia historialariarekin batera, Begoña del Tesok dinamizatuko duen mahai-inguruan. Amaia Nausia Euskal Herriko emakumeei eta sorginkeriari buruzko hainbat ikerlanen egilea da, eta gai hori gure herriaren ondare historiko eta kultural gisa aztertuko du.

Horrez gainera, San Telmon beste bi ekimen prestatu ditugu sorginkeriaren inguruan, urriaren 24tik azaroaren 5era:

- Erakusketa iraunkorrean, Oroimeneko aztarnak ataleko Sorginkeria eta inkisizioa sailan, XVI-XVIII. mendeetako sorginkeriari buruzko ikonografia duen euskarri bat jarri dugu.

- Museoko liburutegian sorginkeriarekin lotutako hainbat argitalpen irakurtzeko eta kontsultatzeko gune bat prestatu dugu.

Halaber, jaialdiaren programazioaren barruan, David J. Skalen hitzaldia egongo da museoan: From Hallloween to Dracula. Azaroaren 2an izango da, 12:00etan.