Web mapa
Hizkuntzak

A los pinos el viento erakusketak 13 bonsai biltzen ditu; 1980ko hamarkadan egindako obrak dira. Hautatutako bonsaiek Luis Vallejoren bildumaren muina eta naturarekin duen lotura erakusten dituzte. Erakusketa hau Luis Vallejoren beraren izenburu bereko liburuaren aurkezpenarekin lotuta dago. 

Luis Vallejoren bonsai baten argazkia

Urriaren 31tik azaroaren 5era bitartean San Telmo Museoko Klaustroan egongo dira ikusgai bonsaiak, museoko sarrerarekin. Liburuaren aurkezpena, berriz, urriaren 31n izango da, 18:00etan, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte. Aurkezpena eta erakusketa Cristina Enea Fundazioak antolatu ditu, San Telmo Museoaren laguntzarekin.

Luis Vallejo, bonsai-bilduma honen sortzailea izateaz gain, ibilbide luzeko paisajista da. Bere proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Marrakecheko Royal Mansour hoteleko lorategiak, Valladolideko Río Hortega Unibertsitate Ospitalekoak edo Banco Santanderreko Finantza Hirikoak eta Castellana 81 dorrekoak, azken bi horiek Madrilen, baita Espainiako, Italiako, Israelgo, Marokoko eta Ekialde Ertaineko izaera pribatuko beste lorategi eta finka batzuei eskainitakoak ere. Era berean, Luis Vallejo Bonsái Museoko zuzendaria eta kontserbatzailea da Alcobendasen, bere bilduma propioa gordetzen duena, eta Madrilgo Errege Lorategi Botanikoaren bonsai bildumaren sortzaile eta kontserbatzailea izan zen. 2008an Orden del Sol Naciente kondekorazioa jaso zuen, Japoniako enperadoreak emanda.