Web mapa
Hizkuntzak

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko Euskadi Fantastikoa 19: Sorgin seinalea (Gregorio Muro Harriet & Daniel Redondo) erakusketa irekita egongo da urriak 27tik azaroak 18ra Udal Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder).

Sorgin seinalea

1611ko graziazko urtea. Lapurdi, Ipar Euskal Herria. Elvira de Goitie, ezkondua eta haur txiki baten ama, sorginkeriaz akusatu dute eta Lancreko jaun Pierre de Rosteguyren aurrean aurkeztua izatera eramaten dute. Despota horrek lurraldea kontrolatzen du, eta era guztietako krudelkeriak egiten ditu bertako biztanleen aurka. Horrela hasten da istorioa, eta askatasuna lortzeko emakumezko pertsonaia honek ekindako borroka, gizonek erabat menderatutako mundu baten erdian.

Gregorio Muro Harriet (Donostia, 1954)
Komikigilea, gidoilaria eta zinema eta telebistako zuzendaria. 1978an komikigile gisa hasi zen Ipurbeltz aldizkarian. 1981ean Frantzian bere lanak argitaratzen hasi zen Glénat, Dargaud eta Les Humanoïdes Associés argitaletxeetan: Justin Hiriart (5 liburuki), Sorgin seinalea (5 liburuki), Las aventuras de Ion y Mirka (2 liburuki), Sudor de sol (5 liburuki) eta Simon Besaluze (3 liburuki). 1990ean, Juanba Berasategiren Baleanerrak animaziozko film luzearen gidoilari gisa hasi zen ikus-entzunezkoetan, eta ordutik aurrera ekoizpen ugaritan lan egin du. 2015ean, Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuen, bere obra klasikoaren zati handi bat berreskuratu eta titulu berriei ekiteko asmoz.

Daniel Redondo (Bilbo, 1940)
Komikigile lanetan hasi zen Bartzelonako Bruguera argitaletxean. Euskal Herrira itzuli zenean Donostian jarri zen bizitzen, eta Gregorio Muro ezagutu zuen. Harekin batera, istorio labur ugari egin ditu aldizkarietarako, baita Las aventuras de Ion y Mirka eta Sorgin seinalea sailetarako ere. Geroago, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin batera, La juventud de Barba Roja saileko hainbat album marraztu ditu.

Komisarioa: Jorge Madejón