Hizkuntzak
Oihua! film laburren proiektu lehiaketan aurkezteko epea zabalik
Deialdiaren asmoa euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza saritzea da, eta horretarako, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen aholkularitza emango zaio hautatutako proiektuari. Horren azken emaitza film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, hori guztia Larrotxene Bideo-ren tutoretzapean. Film laburra 2024ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean estreinatuko da.
Azken urteotan, euskarazko zinemagintzak arrakasta handia lortu du, baita oihartzuna ere nazioartean. Eta, izan ere, fantasiaren generoak izan du horretan zerikusirik, loraldi eta eklosio garai bat ari baita bizitzen, non sortzaile berriak forma ematen ari diren oraingo eta biharko zinemari.
Testuinguru horretan sortu zen 2019an Oihua!, Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena. Bere lehenengo edizioan Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentorea; proiektu irabazlea, berriz, Zerua hautsi zen gaua, María Fontán donostiarrarena. Bigarren deialdian Maider Oleaga zinemagilea izan zen mentorea eta irabazlea Igor Salutregi, Azken partida egitasmoarekin.
Eta hirugarren deialdi honetan, Igor Legarreta zuzendaria izango da mentore.
Informazio gehiago: oinarriak