Web mapa
Hizkuntzak

Datorren urtarrilaren 13an, Tabakaleran hasiko da Zinema arabiar garaikidea, Nosferatu ziklo berria, Sofia Alaouik zuzendutako Animalia (2023) film marokoarraren proiekzioarekin.

Animalia filmaren irudia
Animalia © Wrong Films / Srab Films

Zikloak hurbilketa bat eskaini nahi du azken hogeita bost urteetan MENA —Middle East and North Africa ingelesezko akronimoa— izenez ezagutzen den eskualdean, hau da, Ekialde Ertainean eta Ipar Afrikan sortutako zinemara.

Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2027ko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.

Inaugurazio saioaren ondoren, joan den mendeko azken hiru hamarkadetako zinema arabiarreko lau klasikoren proiekzioarekin hasiko da zikloa, eta, hortik aurrera, XXI. mendean Egipto, Aljeria, Tunisia, Maroko, Libano, Palestina, Siria, Jordania, Saudi Arabia edo Yemen bezalako herrialdeetan ekoitzitako zinema izango du ardatz.

Zinema arabiarrak —edo, hobeto esanda, zinema arabiarrek— munduko zinemaldi nagusietako lehiaketa sailetan duen presentziak eta izen eta abizenekin osatutako ahots propioen existentziak agerian uzten dute hedatzen ari den zinematografia dela, azken hamarkadetan nabarmen garatu dena. Egiletzaren kalitate estandarrak nabariak dira eta, bere funtzionamendu egiturak sendoagoak badira ere herrialde batzuetan beste batzuetan baino, etengabe hazten ari diren ekoizpen zifrak erakusten ari da.

Atzerabegirako honetan hainbat zinemagile izango dira, besteak beste, Youssef Chahine eta Mohamed Diab egiptoarrak; Elia Suleiman eta Rashid Masharawi palestinarrak; Kaouther Ben Hania eta Erige Sehiri tunisiarrak; Mohamed Lakhdar-Hamina eta Merzak Allouache aljeriarrak; baita Libanoko historiaren errelatore Joana Hadjithomas eta Khalil Joreige; Nabil Ayouch marokoarra; eta Shahad Ameen zuzendari saudiarabiarra.

Bere inguruneko tentsio sozial eta politikoen ispilu den zinema da, Udaberri Arabiar iraultzaileak markatutakoa; gertaera honek itxaropenari ateak ireki zizkion, baina etsipena ekarri zuen gero, eskualdeari eragiten dioten etengabeko gatazkek sorrarazitako ziurgabetasunagatik eta bere historia berak kontatzeko beharragatik, mendebaldeko begiradaren filtrotik aske.

Zikloarekin batera, ohi bezala, bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, biak zikloaren prestaketan parte hartu duen Eduardo Guillot programatzaile eta idazle valentziarrak koordinatuta. Cine árabe contemporáneo aurtengo abenduan argitaratuko da, eta euskarazko liburua, berriz, 2027ko udazkenean.

2027ko zine-bonua eta sarreren salmenta

Tabakalerako zine-bonua 2027rako berrituko da, eta 90 euroan 30 film ikusteko aukera eskainiko du. Pantaila partekatuko erakunde bazkideen proiekzioetarako balioko du (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera), Donostia Zinemaldian programatutakoak izan ezik.

Bonua erosteak barnean hartzen du, aurten ere, Nosferatu Bildumaren azken bi argitalpenetako bat: Billy Wilder. Jaunak esana liburua (Zigor Etxebestek idatzia) edo Cine árabe contemporáneo (Eduardo Guillotek koordinatua) gaztelaniaz.

Bonua 2026ko abenduaren 15eko 12:00etatik aurrera erosi ahal izango da, eta salmenta 2027ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte egongo da zabalik, bai Tabakaleraren webgunearen bidez, bai Informazio Puntuan. Bonuaren sarrerak 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eskuratu ahal izango dira.

Aldi berean, urtarrileko emanaldietarako sarrera arrunten salmenta ere 2026ko abenduaren 15eko 12:00etan irekiko da.

Bonuari eta urtarrileko programazioari buruzko informazio guztia Tabakaleraren webgunean egongo da eskuragarri.

Informazio gehiago: 2027ko lehen hiruhilekoaren programazioa