Web mapa
Hizkuntzak

Xare Álvarez Berakoetxea da Artea abian proiektuaren bosgarren edizioan parte hartuko duen artista, aurrekoetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok parte hartu ondoren. Bere lanekin osatutako erakusketa 2024ko maiatzean jarriko dugu ikusgai museoko laborategian.

Xare Alvarezen eskultura
Nudo, Urdimbre, Hilván. Lotune | Galeria La Taller, 2023

Xare Álvarezen ibilbidea eskulturaren esparruan garatu da. Gorpuzkera arineko objektuak eta materialak, forma malguak eta moldekagarriak, metatzeko eta biltzeko ariketa du abiapuntu. Azken batean, forma horiek aldatu egin daitezke, eta manipulazio, jabetze eta testuingurutik ateratzeko prozesuen mende jartzen ditu.

Artea abian ekimenaren bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Erakusketarekin batera, gainera, katalogo bat argitaratuko da, elementu garrantzitsua zabalkunde tresna delako.

Arte garaikidea sustatzeko ekimen honek Museo Bikoitza proiektuarekin bat egiten du San Telmo Museoan, non artistek San Telmoren bildumatik abiatuta lan egiten duten. Artea Abian egitasmoan parte hartzen dutenek ibilbide ez hain finkatua izan arren, bi proiektuek San Telmo Museoak euskal arte garaikidearekin duen konpromisoa indartzen dute.