Web mapa
Hizkuntzak

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra zabalik egongo dira Natur Txokoa, Liburutegia eta Historiaren Etxea. Natur Txokoak zein Liburutegiak haurrentzako doako jarduerak eskainiko dituzte. Historiaren Etxeak, aurten, bi berrikuntza nagusi izango ditu: iraganeko Donostiara bidaiatzeko aukera eskainiko du, XX. mendearen hasierako argazkien bidez eta 1813 aurreko hiria berreraikitzen duen errekreazio birtual baten bitartez.

Urgull, Historiaren etxeko proiekzio baten irudia

Historiaren Etxea (Mota gaztelua), egunero egongo da zabalik, astearteetan izan ezik, 11:00tatik 19:00etara. Bertan dagoen erakusketak, Donostiari begirak, bi berrikuntza nagusi izango ditu uda honetan. Batetik, San Telmo Museoak 2024an antolatutako Donostiaren oroigarri. Galarza Argazki Funtsa erakusketaren egokitzapen bat: XX. mendearen lehen erdiko Donostiaren bilakaera urbanistiko eta soziala ezagutzeko aukera emango duena. Bestetik, Historiaren Etxeko kanoi-gangako aretoan Donostia 1813 aurretik ikus-entzunezkoa proiektatuko da. José Javier Pi Chevrotek zuzendutako ikerketa historiko luze batean oinarrituta eta Flexo Arquitectosek garatuta, proiekzioak desagertutako Donostia berreskuratzen du modelizazio digitalaren bidez.

Bisitaren segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, terrazara igotzeko txandak egongo dira, ordu erditik behin, edukiera errespetatuz.

Natur Txokoa (Gobernadoreen bateria), egunero egongo da zabalik, 11:00tatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Astearte eta asteazkenetan, arratsaldeko 17:00etan, jarduera bereziak izango dira Urgull mendia hobeto ezagutu eta naturaz gozatzeko. Gainontzeko egunetan Artisten Txokoa zabalik egongo da, bertan behar duzun material guztia izango duzu zure erritmora eskulanetan ibiltzeko.

Urgulleko Liburutegia (Damen bateria) egunero egongo da zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Liburutegian irakurtzeaz gain, haurrentzako jarduerak egongo dira, astelehenetan arratsaldez, 18:00etan.