Web mapa
Hizkuntzak

Azken asteetan sartu dira aurtengo udan San Telmo Museoan ikusgai ditugun erakusketak. Lorategi bat soinean erakusketatik 30.000 lagun baino gehiago pasa dira dagoeneko eta irailaren 28ra arte egongo da oraindik bisitatzeko aukera. Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzaren arloan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du, Museo del Trajeren eta San Telmo Museoaren bildumen bitartez nagusiki.

Lorategi bat soinean erakusketako irudi bat

Ehun eta hogeita hamar pieza inguru biltzen ditu. Horien muina XVIII. mendeko eta XIX. mendearen zati bateko janzkera eta ehun historikoen bildumak dira, beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia funtsekin, pinturarekin, zeramikarekin eta dekorazio arteekin batera.

Bisita liburuan jasotako zenbait esaldik erakusten dute erakusketaren edertasuna: “esku-lana eta artea ederki lotzen ditu”, “kartelatako ilustrazio bikainak”, “diseinu garaikide eta pieza historikoen konbinazioan aukeraketa bikaina”, “ehungintzak dakarren lan eskerga agerian uzten du”...

Irailean zehar bisita gidatuei eutsiko zaie, astearte eta larunbatetan, eta erakusketari lotutako ekintzen programazioa osatzeko, hauetxek izango dira azken jarduerak: La botánica de Villalobos hitzaldia hilaren 16an (sarrera librea izango da jarlekuak bete arte) eta Argia iragazi familia tailerra izango da Nagore Legarretaren eskutik, hilaren 20an (honetarako tokiak dagoeneko beteta daude).

Lorategi bat soinean bezala, Jazzaldia, irudi bidaia eta HAU Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketa ere, hilaren 28ra arte egongo dira ikusgai San Telmo Museoan.