Web mapa
Hizkuntzak

Jon Uriarte argazkilaria izango da bihar, larunbata, otsailak 3, museoko argazki-liburuaren inguruko 2024ko programazioa martxan jarriko duena. Gabriela Cendoyaren argazki-liburuen bildumaren gaineko begirada pertsonala eskainiko digu eta argazkigintzako liburuei eta argazki digitalei buruzko hausnarketa egingo du topaketa batean.

Talde bat argazki-liburuak kontsultatzen San Telmo Museoan

Uriarteren bisita, publikoari irekia eta doakoa, museoko liburutegitik abiatuko da eta Garuna(k) erakusketan jarraituko du. Bertan, Uriartek argazkigintzaren eta adimen artifizialaren arteko loturak bilatuko ditu, eta teknologia digitalak eta Internetek argazkigintzan duten eraginari buruz hitz egingo du.

Ondoren, ekainera arte, museoak honako jarduera hauek antolatu ditu:

Martxoan, Ros Boisier artista txiletarraren txanda izango da. Azken urteetan argazkigintzan eta esperimentazioan aritu da, Inside izeneko argazki-liburu enigmatiko bat sortzeko, paisaia naturalaren eta urbanoaren arroztearen eta deseraikitzearen bidez.

Apirilean Magalí Avezou argazkilaritzan eta ikusizko arteetan espezializatutako kudeatzaile artistikoak argazki-liburuaren edizioari buruzko tailer interesgarri bat eskainiko du. El libro como medio impresionista izenburupean, apirilaren 27 eta 28ko asteburuan egingo da tailerra. Avezouk argazki-liburura ikuspegi estilistiko batetik hurbiltzea proposatuko du narrazio dinamikoak sortzeko. Tailerra irudiekin lan egiten duten eta liburu bihurtu nahi duten proiektu bat dutenei edo liburu moduan lan berri bat sortu nahi dutenei zuzenduta egongo da.

Maiatzean, Jesús Uriarte argazkilariak Chillida lanean argazki-liburua aurkeztuko du. Lan hori martxoan Tabakalerako Artegunean inauguratuko duen erakusketaren katalogoa izango da. Aurkezpen hau Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatu da.

Azkenik, ekainaren 1ean eta 2an Jason Fulford argazkilari estatubatuarrak argazki-liburuak editatzeko tailer bat zuzenduko du. Gainera, ekainaren 4an artista ezagun honek bere ibilbide profesionala eta azken lanak ezagutarazteko hitzaldi irekia eskainiko du.