Web mapa
Hizkuntzak

Datorren ostegunean, abenduak 15, museoan ikusgai dagoen Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak erakusketako programazioaren barnean antolatutako jarduera batean parte hartuko dute Rogelio López Cuenca eta Cristina Lucas artistek San Telmo Museoan, erakusketaren komisarioa den Piedad Solansekin elkarrizketan.

Málaga 1973, Rogelio Cuenca

Bai López Cuencak eta baita Lucasek lan bana daukate ikusgai erakusketan.

Rogelio López Cuenca Málagan jaio zen 1959an. Filosofia eta Letretan lizentziaduna da eta Arte Ederretan doktorea. Berriki jaso du 2022ko Espainiako Premio Nacional de Artes Plásticas saria.

López Cuencak Elo Vegarekin batera sortutako Málaga 1937 lana dago ikusgai erakusketan, 2008koa. Obra honetan, Espainiako Gerra Zibilean Málaga erori ondorengo “la desbandá” da gaia, 1937ko otsailean Málaga-Almeria kostaldeko errepidean gertatu zen sarraskia: herritarrek ihesari ekin zioten, masiboki eta Errepublikaren aurka matxinatutako armadaren indarrak eta tanke italiarrak atzetik zituztela, hegazkin aleman eta italiarraren eta gerraontzien suaren azpian. Herritar zibil kaltegabeen gaineko lehen bonbardaketetako bat izan zen, eta iheslariek atzean utzi nahi zuten Málaga hartzean armada frankistak eragindako ikara, baita Queipo de Llano jeneralaren irrati bidezko hitzaldi sutsuak ere, non emakume “gorriak” bortxatuko zituztela mehatxatzen zuen. 5.000-10.000 pertsona erail zituztela uste da.

Cristina Lucas Jaénen jaio zen 1973an. Arte Ederretan lizentziaduna da eta Arte Ederretan masterra ere egin zuen Californiako Unibertsitatean.

Bere kasuan, El rayo que no cesa lana dago ikusgai. Sortze eta ikertze prozesuan dagoen bideoinstalazio bat da, 2012an hasi zena Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira. Artistak hondamendiaz gogoeta egiteko gonbitea jaso zuenean, Espainiako Gerra Zibileko bonbardaketak aztertzeari ekin zion, eta zera aurkitu zuen: «Gerra guztiak kateatuta zeuden, eta orduantxe erabaki nuen munduko Gernika guztiak egin beharrean geundela». 2015ean formatua aldatu zen, baina lanak bere bilakaera jarraitu zuen, munduko gatazka ezberdinak gehituz aurkezten den egoitza bakoitzean.
San Telmoko edizioan, museoak Aljeriako Gerrari (1954-1962) buruzko ikerketa enkargatu dio Euskal Herriko Unibertsitateari, eta artistak Ukrainako gerra ere gehitu du.

Bi artisten eta erakusketaren komisarioaren arteko elkarrizketaren hitzordua ostegunean, hilak 15, 19:00etan izango da, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte. Streaming bitartez ere jarraitu ahal izango da.