Hizkuntzak
'Off' antzezlanak irabazi du 2027ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2027ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Off antzezlanari, eta bigarrena Patua obrari.
Off
Amaia Lizarralde, Olatz Beobide eta Xabin Fernandez dira, Nomofobikoak izenpean aurkeztuta, sari nagusia eskuratu duten egileak.
Komedia distopikoa da.Telefono mugikorrek kontrolatzen duten errealitate paralelo batean, D2 eta E5 lanean ari dira. Biek bizitza guztia daramate bertan lanean, bata bestearen ondoan. Orain lankide berri baten esperoan daude, postu libre bat utzi baitu eurekin lan egiten zuen beste kide batek. Testuinguru horretan iristen da Z6 bere lantoki berrira. Sinisduna da eta itzalaldi handiaren zain dago. Antzezlan honetan aplikazioen eta adimen artifizialaren barrualdea ezagutzeko aukera izango da. Familietan, kalean lan-tokietan, eta tabernetan, gaur egun dugun munduan jausiko gara bete-betean. Gure errealitateko amu, zalantza eta beldurrei aurre eginez, umorearen marmitan eroriko gara.
Patua
Nerea Ramirezek eta Ekain Arrietak aktoreek, Joserra Fachado zuzendariaren gidaritzapean, elkarlanean sortutako umorezko antzezlan musikala da. Sara eta Josu supermerkatuko arrandegian txandaren zain daude. Sarari Josu ezaguna egiten zaio, baina ez daki zertaz ezagutzen duen. Elkarrizketa bat dela medio, Josuk aurreko larunbatean gaua elkarrekin bukatu zutela gogorarazten dio. Memoria egiten hasiko dira, larunbatean tabernan ezagutu zirenetik, Sararen etxera joan ziren arte; baina, supermerkatura berriro bueltatzerakoan, istorioak ezusteko bukaera bitxia izango du.
Saria
Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.
Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.
