Hizkuntzak
Ondarearen Europako Jardunaldiak San Telmon
San Telmo Museoak hiru jarduerarekin hartuko du parte Ondarearen Europako Jardunaldietan, aurten gaia Arkitektura ondarea duena.
Alde batetik, bisita gidatuak egongo dira urriaren 8, 15, 22 eta 29an San Telmo Museoko arkitektura ezagutaraztea helburu izango dutenak, konbentu zenetik gaur egun arteko ibilbidea eginez. Maddi Manterola arkitektoak eskainiko ditu euskarazkoak eta Ana Santo Domingok, duela gutxi arte museoko kontserbazio arduradun izan denak, gaztelaniazkoak. Izen-ematea gaurtik dago zabalik.
Bestetik, Hiria imajinatu familientzako tailerrak egongo dira hilaren 4an eta 11n. Aitziber Urtasun Oteiza Museoko Estetika Hezkuntzako arduradunak eskainiko ditu. Sarrerak gaurtik daude salgai familiako 5 euroan.
Azkenik, Landa arrazionalismoa erakusketak ere arkitektura ondarea aztertuko du. José Manuel Juan Sotoren argazkiak biltzen dituen erakusketa hau XX. mendearen erdian Kolonizazio Institutu Nazionalak (INC) eraikitako kolonizazio herrixketako arkitekturan zentratzen da.
Ondarearen Europako Jardunaldiek Kultura Ondareari buruzko sentsibilizazio-programa eskaintzen dute, Europako Kontseiluak sustatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen du ekimena, lurraldeko kultura-erakunde eta -eragile bakoitzak proposatutako jarduera-programa bilduz eta zabalduz.
