Hizkuntzak
Okendok eta Aietek Stéphane Levalloisen “Goya – Hellboy” erakusketa hartuko dute
Donostiako Fantasizko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia Stéphane Levallois-en eskutik erakusketa aurkezten du. Afundación – Obra Social ABANCAren erakusketa honen komisarioa Asier Mensuro da, eta bi egoitzatan banatuta egongo da ikusgaia: Okendo Kultur Etxean eta Aiete Kultur Etxean, irailaren 19tik azaroaren 3ra bitartean.
Bertan, artista frantziar ospetsuak Goyak sortutako ikonografia fantastikoari buruzko hausnarketa egiten du, munstrotasunari buruzko bere ikuspegia emanez. Baina XIX. mendeko munstroen eta Levalloisek XXI. mendeko Hollywoodeko zinemarako garatzen dituenen artean ehun urteko tartea dago. Tarte hori laburtzeko eta Fuendetodosekoak ondorengo artean utzitako arrasto sakona azaltzeko, Mike Mignola elkartu zaio erakusketari. Hellboy komiki pertsonaia ospetsuaren sortzaile da bera: Goyaren espiritu nabarmena darion abernuko izakia. Stéphane Levalloisek bere sorkuntzarekin lan egin dezan uzteaz gain ꟷGoyaren obrarik enblematikoenetako batzuetan sartutaꟷ Mignolak bi ilustrazio goieskorekin parte hartzen du erakusketan: In the Chapel of Moloch Hellboyren abenturaren azala eta pertsonaia horren ilustrazio bat, Átropos edo Las Parcas mihisea omentzen duena.
Levallois 99 lanetan eta ikus-entzunezko batean hurbiltzen da Goyaren mundura, non aurre egiten dien sortzaile aragoiar bikainaren pintura beltzei ꟷPradoko Museo Nazionaleko pinakotekakoeiꟷ eta Lázaro Galdiano Museoko olio-pinturetako akelarre eta sorginei.
XXI. mendeko Hollywoodeko zinemako munstroen sortzaile handia, eta komiki ospetsuen egilea ꟷbesteak beste Leonard2Vinci Louvreko Museorako eta Les Disparues d’Orsay D’Orsay Museorakoꟷ Levallois berriro hurbilduko da pinturaren historiara proiektu honekin, Goyari buruzko hausnarketa bat eginez, espainiar margolari nabarmenetakoa eta, zalantzarik gabe, beldurraren eta fantasiaren zaleen artean maitatuenetakoa denari buruz.