Hizkuntzak
Oihua! ekimenaren emaitza berria: 'Antxumeak'
Larrotxene Bideok sustatutako Oihua! ekimenaren baitan sortutako Antxumeak film laburra urriaren 30ean estreinatuko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari irekiera emanez.
Imanol Olaldek zuzendutako lana euskarazko genero-zinemaren aldeko apustua da, eta profesionalen, ikasleen eta zinema-eskoletako ikasle ohien arteko elkarlana du oinarri.
Oihua! Larrotxene Bideo eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen arteko lankidetzatik sortutako ekimena da, Donostia Kulturaren eta Donostiako Udaleko Euskara Sailaren laguntzari esker garatzen dena. 2020an abiatuta, euskarazko gidoigintza sustatzea eta beldurrezko, fantasiazko eta zientzia-fikziozko istorio berriak pantailara eramatea ditu helburu. Hautatutako proiektuei garapenerako eta ekoizpenerako laguntza eskaintzen die, gidoiak film bihurtzeko bidea erraztuz.
Ekimenaren azken emaitza 13 minutuko iraupena duen Antxumeak film laburra da, Imanol Olaldek idatzi eta zuzendutako film laburra. Amaia eta haren seme Julen mendian daude, baina umea basoan galtzen denean, amak bilaketa etsiari ekingo dio. Naturaren indarrarekin eta haren legeekin aurrez aurre, istorioak beldurra, drama psikologikoa eta euskal mitologiaren oihartzunak uztartzen ditu, folk horror generoaren ikuspegitik.
Antxumeak Oihua! ekimenaren helburuaren adibide da: euskarazko gidoi bati garatzeko eta pantailara iristeko aukera ematea, eta, aldi berean, zinema sortzeko prozesuan profesionalen eta belaunaldi berrien arteko lankidetza sustatzea.
Larrotxene Bideorentzat, halako ekoizpenek ikus-entzunezkoen prestakuntza eta sorkuntza lotzen dituzte, ikasleei eta ikasle ohiei esperientzia praktikoa eskaintzen diete eta euskarazko zinemaren esparrua zabaltzen laguntzen dute.
