Hizkuntzak
Noviembre Fantasmak sei urte betetzen ditu jarduera berriekin generoaren mugak esploratzen
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, Fancinek, TerrorMolinsek eta Isla Calaverak eduki argitaragabeak estreinatzen dituzte eta doan ikusi ahal izango dira azarotik aurrera kanalean.
Udazkenak berriro irekitzen dizkio ateak iruditeria fantastikoari Noviembre Fantasmaren denboraldi berriarekin. Proiektu kolaboratibo honek lau zinemaldi biltzen ditu: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea, Fancine – Malagako Unibertsitateko Fantasiazko Zinemaldia, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia eta Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldia. Seigarren edizio honetan ekimenak lau zinemaldien arteko lotura indartu eta bere eskaintza zabaltzen jarraitzen du, hogei ikus-entzunezko proposamen argitaragabe baino gehiagorekin; eduki horiek hilabete honetatik aurrera harian-harian igoko dira plataformaren webgunean. Horrela, aurten ere, sendo ageri da baterako espazio hau generoaz urte osoan zehar gozatzeko eta, edozein lekutatik, zinemaldi bakoitzetik zertxobait hurbiltzeko, elkarrizketa, solasaldi, kontzertu eta bestelako jarduerak eskainiz.
Bideo horiek guztiak doan ikusi ahal izango dira plataforman: www.noviembrefantasma.com
Programazioa
Donostiako Beldurrezko Asteak (urriak 31 - azaroak 7) ibilbide bat proposatzen du izuak herri-kulturan utzitako ondarean eta bilakaeran zehar, animetik zinema klasikora arteko izenekin. Proposamen horietako bat One Piece: Luffy y Luffy, dos voces, dos generaciones izango da, Xabier Alkiza eta Jon Samaniegoren arteko elkarrizketa; biak bikoizketako aktoreak dira, pirata karismatikoari bizia eman diotenak, euskarazko seriean batak, eta ekintza errealekoan, Netflixen, besteak. Fernando Vicente ilustratzaileak, Society for News Design erakundeak hiru aldiz sarituak, bere ibilbidea eta zinema-aretoko mitoekiko lilura errepasatuko ditu, eta Paco Plaza errealizadore ospetsuak, Verónica, La abuela eta [REC] filmaren lehen hiru emanaldien arduradunak (lehenengo biak Jaume Balaguerórekin batera) Begoña del Teso kazetariarekin arituko da bere “beldur gogokoenei” eta bere iruditeria markatu duten filmei buruz hizketan. Asteko edukien osagarri gisa jarduera hau eskainiko da: Terror Tiburón, Ángel Sala eta Víctor Matellanoren arteko topaketa, Aquel último tiburón bere dokumentalaren eta Spielbergen klasikoaren berrogeita hamargarren urteurrenaren inguruan, eta errepasoa egingo zaio itsas kreaturen eta ur gaziko izualdien mende erdi bati.
TerrorMolinsek (azaroak 7-16), berriz, hurbilketa didaktikoa eta garaikidea eskainiko digu beldurraren teknika eta erro geografikoetara. Pablo Otero efektu bisualen artistak lehen mailako VFX estudio batean emango du lanaren nondik norakoen berri. Gainera, jatorri japoniarra duten beste bi proposamen gehiago izango ditugu. Zinema asiarrean aditu Gloria Fernández eta Enrique Garcelánek (CineAsia) J-Horror mendebaldera nola iritsi eta finkatu den aztertuko dute; bestetik, J-Horror jugablen, Víctor Navarro Remesal ikertzaileak Silent Hill edo Fatal Frame bezalako bideojokoek beldurra Japoniako tradiziotik eta estetikatik nola berrinterpretatu duten aztertuko du.
Artxipelagotik fantasiazko unibertso osora zuzenduz, Isla Calaverak (azaroak 7-16) genero-zinemako legenden benetako desfilea zabalduko du. Randal Kleiser zuzendariak Ohorezko Isla Calavera Saria 2025 jasoko du, eta bere ibilbidea errepasatuko du publikoarekin egingo duen topaketa batean. Jenette Goldstein eta William Hope aktoreek, Vasquez ahaztezina bata eta Gorman tenientea bestea Aliensen, sagaren filmaketako sekretuak berpiztuko dituzte zaleekin batera. Rodrigo Cortés errealizadoreak Burieden 15. urteurrena ospatuko du, eta Ornella Muti aktorea, Flash Gordonen betiereko Aura printzesa, bere ibilbideari buruzko topaketan izango da protagonista. Itxiera Fantaterror elkarrizketaren eskutik etorriko da, Marian Salgado eta Víctor Matellanorekin, La endemoniadaren 50. urteurrenari omenaldia egiteko.
Azkenik, Fancine – Malagako Fantasiazko Zinemaldiak (azaroak 12-18) beste lengoaia eta lurralde batzuetara zabalduko du begirada. Damian McCarthy irlandarra, Caveat eta Oddity filmen zuzendaria, folk horroren oihartzunei buruzko elkarrizketa batean izango da protagonista. Eric Rodríguezek, Leyendas & Videojuegos kanalaren sortzaile eta dibulgatzaileak, mitologiaren eta gamer kulturaren arteko intersekzioa esploratuko du. Antonio Altarriba gidoilari eta Komiki Sari Nazionalak narratiba bisualen sorkuntzan duen esperientzia partekatuko du, eta musika izango da, aurten ere, unibertsitateko zinemaldian protagonista, Silver Lignings Malagako space-psych rock taldearen zuzenekoarekin eta Paisajes Sonoros del Futuro soinu-banden kontzertuarekin; azken honetan, Malagako Orkestra Sinfonikoak hainbat partitura interpretatuko ditu zientzia fikziozko zineman zehar egindako bidaia musikal batean.
Noviembre Fantasmari buruz
2020an sortu zen pandemiaren aldian, zinemaldien arteko topaketa digitalerako gune gisa. Hala, Noviembre Fantasma gaztelaniazko fantasiazko eta beldurrezko zinemaren artxibo bizi gisa finkatu da urteetan zehar. Ehunetik gora solasaldi, elkarrizketa, kontzertu eta eztabaidek osatzen dute dagoeneko bere bideoteka, urte osoan zehar publikoari doan irekia. Seigarren denboraldi honek indartu egiten du irauteko duen bokazio hori, aretoetatik harago generoaren mugak zabaldu eta lankidetza erresistentzia kulturalerako modu gisa aldarrikatzekoa.
