Web mapa
Hizkuntzak

Noviembre Fantasma ekimen bateratua, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Fancine – Malagako Fantasiazko Zinemaldia, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia eta Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldia tartean direla, udazken honetan bueltan da fantasiazko eta beldurrezko generoarekin lotutako edukien katalogoa zabaltzeko bere laugarren denboraldi honetan.

Noviembre Fantasma

Argitaratu gabeko hamabost proposamenek baino gehiagok osatuko dute edizio honetako ikus-entzunezko emanaldi berria, eta progresiboki igoko dira astearte honetatik bertatik plataformara. Bestetik, aurten ere, urrian izango da argitalpenen estreinaldia.

Horrela, lau zinemaldiek programazio bateratu honekin hartua duten lankidetza-konpromisoaren testigantza ematen dute berriz ere. Programazioa zinemaldi hauen hurrengo edizioen atarikoa izango da, eta beren kartelera presentzialaren eta jarduera paraleloen agendaren online osagarria.

Ohi denez, zinemaren eremuan fantasiazko generoarekin lotutako edukiak zabalduko dituzten hainbat piezaz osatuta egongo da programa hau. Donostiako Beldurrezko Asteak honakoak programatuko ditu: hitzaldi bat, beldurrezko kulturan aditua den David J. Skal estatubatuarrak emango duena, eta elkarraldi bat Lone Fleming eta Marian Salgado aktoreekin.

TerrorMolinsek, berriz, honakoak programatuko ditu: ikusleekin elkarrizketak, Mar Targarona (El cuco) zuzendari beteranoarekin eta Caye Casas (La mesita del comedor) errealizadorearekin; masterclass bat sorginek beldurrezko filmografian duten paperari buruz, zineman eta generoan aditua den Mireia Iniestaren eskutik; eta “komiki beldurgarriei” buruzko hitzaldi bat, Borja Crespo ilustratzaile eta zinemagile emankorrak emango duena.

Fancineren ekarpena lau bideo izango dira, tartean elkarrizketa bat Carlos Aguilar zinema kritikariarekin, Cine de terror 1950-1959. De entre los muertos bere azken liburuaren inguruan, eta Buñuel en el laberinto de las tortugas lanaren zuzendari José Fernández de Vegak emango duen hitzaldia obra horren moldaketa prozesuaz aritzeko. Malagako jaialdiak musika jarriko dio bilduma honi Santo Rostro talde heavyaren kontzertuarekin.

Hiru pieza gehiago iritsiko dira Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemalditik: Eduardo Noriega aktoreak berriz ere “zabalduko ditu begiak” uharteko ikusleekin batera, Alejandro Amenábarren klasiko honen proiekzioaren ondoren; Sam J. Jones espaziora itzuliko da Flash Gordoni buruzko hitzaldi batean, eta King Kongen 90. urteurrena oroituko da Jesús Palaciosen eskutik.

Horiek guztiak doan ikusi ahal izango dira www.noviembrefantasma.com plataforman.

Titulu sorta berri honekin, Noviembre Fantasmako bideoen zerrenda iraunkorra berrogeita hamar bat piezara iritsi da dagoeneko. Eduki gehigarri honek egungo zinemaren panoramako protagonista nabarmenei egindako elkarrizketak, filmen analisia, publikoarekin izandako elkarraldiak eta prestakuntzazko beste proposamen batzuk biltzen ditu.