Web mapa
Hizkuntzak

Natalia Suárez Ortiz de Zarate (Vitoria-Gasteiz, 1994) da Artea abian proiektuaren seigarren edizioan parte hartuko duen artista, aurrekoetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik, Mikel Otxotekok eta Xare Álvarezek parte hartu ondoren. Bere lanekin osatutako erakusketa 2025eko abenduan jarriko dugu ikusgai museoko Laborategia aretoan.

Natalia Suárezen lan baten xehetasuna
La humedad de la noche es venenosa (Gaueko hezetasuna pozointsua da), 2024. (Xehetasuna)

Natalia Suarezen lanak olio-pintura eta marrazketa ditu ardatz. Arteari eskainitako dedikazioa ingurukoekin esperimentatzeko, sentsibilitatea garatzeko eta pertzepzioa areagotzeko modu gisa ulertzen du. Bere lan piktorikoari dagokionez, bere praktika intuitiboa eta prozesuala da. Egin nahi denaren, egin daitekeenaren eta egiten denaren arteko tentsiotik ateratzen dira bere pinturak, margotzeko prozesu zabalaren zehaztapen gisa.

San Telmo Museoko erakusketak formatu handiko olio-pinturak izango ditu ardatz, azken urtean egin dituenak norberaren ametsetako kontakizunetatik datozen marrazki batzuk oinarri hartuta.

Artea abian ekimenaren bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Erakusketarekin batera, gainera, katalogo bat argitaratuko da, elementu garrantzitsua zabalkunde tresna delako.