Hizkuntzak
Azken egunak ditu “Memoriaren basoak” erakusketak San Telmo Museoan
Maiatzaren 11 izango da bisitatzeko azken eguna, eta aurrez, bi jarduera berezik osatuko dute erakusketari lotutako programazio berezia.

Maialen Lujanbiok RR memoria erre(AH)ala hitzen performantzea eskainiko du hilaren 6an.RR Maialen Lujanbiok sortu eta garatutako errezitaldi baten titulu orokorra da; hitzen, hotsen, soinuen eta formen arteko jolas baten emaitza. Kasu honetan, Memoriaren basoak erakusketari lotutako jarduera izaki, aldaera berezia hartuko du, RR memoria erre(AH)ala izenburuarekin, kantuz, hitz lauz eta irudi bidez emana.
Hilaren 10ean aldiz, argazki-liburuen programazioaren barnean, Do you remember Franco? lanaz arituko da Clemente Bernad. Frankismoaren hiru monumentu garrantzitsuenen inguruko begirada dokumental kritikoa eskaintzen du argazkilariak; hain justu, Erorien Harana, Madrilgo Garaipenaren Arkua eta Iruñeko Erorien Monumentua jasotzen ditu. Irudi konplexu eta sendoen bidez monumentu frankista horiek gure eguneroko bizitzan duten presentziak eragin duen anakronismoa eta indarkeria politikoa agerian uzten ditu.
Clemente Bernaden saioa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da museoak Youtuben duen kanalean.
Era berean, datozen egunetan eskainiko ditugu azken bisita gidatuak ere: maiatzaren 3an eta 10ean izango dira, 12:00etan gazteleraz eta 17:00etan euskaraz. Bisita doakoa da ( beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea ), baina museoko sarrera erosi behar da.
Erregimen totalitario orok gizartea menderatzeko eta kontrolatzeko erabilitako teknologiaren inguruko hausnarketa artistikoa jasotzen du Memoriaren basoak erakusketak. Mabel Tapia eta Mira Bernabeu dira komisarioak eta hogeiren bat artistaren lanak biltzen ditu.