Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak eta Fundación Mapfre-k Modernitatea marraztu (1864-1968). Marrazkiak Fundación Mapfre eta San Telmo Museoaren bildumetan erakusketa aurkeztu dute, Leyre Bozal Chamorrok komisariatua.

Erakusketako areto bat. Marrazkiak pareta urdinean zintzilik
Iker Azurmendi

160 artelan inguru biltzen ditu eta aurretik beste egoitza batzuetan aurkeztu zen La mano con lápiz erakusketaren egokitzapena da, San Telmo bildumako piezak gehituz. 2026ko ekainaren 20tik irailaren 27ra bisita daiteke.

Bere sorreratik, 1997an, Mapfre Fundazioaren marrazki-bildumek interes handia izan dute modernitatearen sorrera argitzeko, eta artista eta mugimendu garrantzitsuen paperean oinarritutako lana berreskuratzeko ahaleginak egin dituzte, joan den mendeko marrazketaren eta pinturaren erabileren bilakaera ikusteko. Erakusketan dauden bildumako ehun marrazki ingururen aukeraketak XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera bitarteko denbora tartea hartzen du. Nazioartean lanean aritutako batzuk baino ez izendatzearren, Mariano Fortuny, Juan Gris, Maruja Mallo edo Pablo Picassoren lanak aurkituko ditugu, baita haiek ezagutu zituzten Edgar Degas, Auguste Rodin edo Egon Schiele maisuenak ere.

Hauekin batera, San Telmo Museoak, erakusketa irizpideekin bat egiten duen 60tik gorako lan aukeraketa bat proposatzen du. Alde batetik, nazioarteko ospea duten artisten lanak bildu dira —besteak beste, Ignacio Zuloaga, José María Sert eta Joaquín Sorolla—; eta, bestetik, euskal artearen historian erreferentzia diren figura batzuen piezak —Aurelio Arteta, Nicolás Lekuona, María Paz Jiménez, Mari Puri Herrero...—.

Argitalpena

Erakusketarekin batera liburuxka bat argitaratu dugu, erakusketako hainbat lan eta komisarioaren eta museoaren testuak biltzen dituena.

Bisita gidatuak eta jarduerak

Museoak bisita gidatuak eskainiko ditu ostegunetan. Parte hartzeko beharrezkoa da erreserba aldez aurretik egitea, webgunearen bitartez. Bisiten hizkuntza orduz aldatzen joango da astero. Bisitak doakoak dira, museoko sarrera erosita.

Erakusketarekin lotuta, museoak jarduerak antolatu ditu hala familientzako nola publiko helduarentzako, eta ekintza bereziak egongo dira San Telmo Gauan.