Web mapa
Hizkuntzak

Mari Puri Herrero artista bilbotarrak Hamabostaldiaren aurtengo kartelerako egindako margolana eta beste zortzi marrazki jaso ditu museoak dohaintzan, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenak jasotzen duen moduan.

Musika Hamabostaldiaren 87. edizioko programazioaren aurkezpena San Telmon

Izan ere, Musika Hamabostaldiak urtero obra baten dohaintza egiten dio San Telmori eta museoak hainbat espazio erabilgarri jartzen ditu. Aurten, Ganbera Musika eta Antzinako Musika Zikloetako launa kontzertu eta 2 hitzaldi hartuko ditu museoak abuztuan zehar.

Mari Puri Herrero jardunean dagoen euskal artista ospetsuenetakoa da, sendoa eta ibilbide artistiko luzea duena. Hala, interes handiko dohaintza jaso du museoak: 1960ko hamarkadako 8 marrazkik osatzen duten bilduma eta Hamabostaldiaren 87. edizio honetako kartelaren jatorrizko obra, 2025ekoa. Marrazki hauetako batzuk, Modernitatea marraztu (1864-1968) erakusketan daude ikusgai, irailaren 27ra arte.

Musika Hamabostaldiaren Ganbera Musika Zikloa eta Antzinako Musika Zikloa hartuko ditu aurten ere San Telmo Museoak, baita musika klasikoaren hainbat alorren inguruko doako bi hitzaldi ere. Mari Jose Cano kazetari, musika kritiko eta Musikeneko irakaslea izango da hizlari.