Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Maddi Barber dela, Hinrich Sachs-ek hala hautatuta. Programa honen ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Hinrich Sachs artistak hautatu du Maddi Barber hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.

Jon Insausti, Maddi Barber, Hinrich Sachs, Susana Soto

Besteak beste, Sachs-ek honengatik hautatu du Barber: “2018an egin zituen lehen urrats nazionalak eta nazioartekoak, eta, geroztik, Barberrek aitorpena irabazi du zinema-komunitatearen eta bideoarteko adituen artean. Baina bere narrazio zinematografikoek hasieratik eduki dituzte audientzia handiek ikusteko moduko istorio pertsonal, enpatiko eta liluragarri baten osagai guztiak”.

Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988). Bere lan zinematografiko berrienak (Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti) jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta daude. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean. Maddik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea delarik.

2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere, hala nola Gerard Ortín, Ainhoa Gutiérrez eta Irati Gorostidi. Era berean, Pulpa artisten taldeko kide da, eta La zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua jarri du abian Iruñean. Une honetan Tabakalerako Ikusmira Berriak egoitzan parte hartzen ari da, Claros de Bosque fikziozko film luzea garatzen.