Hizkuntzak
Literaktum Topaketak: Olga Tokarczuk irailaren 29an Okendo Kultur Etxean
Olga Tokarczuk, Poloniako egungo idazle ospetsuenetako bat eta 2018ko Literaturako Nobel sariduna, izango da 2023ko bigarren Literaktum Topaketak programako protagonista. Ekitaldia Okendo Kultur Etxean izango da, irailaren 29an, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera librea izango da lekua bete arte eta aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da. Danele Sarriugartek gidatuko du ekitaldia.
Idazleak bere ibilbide literarioaz hitz egingo du Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailearekin eta otsailean gaztelaniaz argitaratu den azken eleberria aurkeztuko du: Los libros de Jacob (Anagrama, 2023).
Literaktum Topaketak egitasmoak nazioartean ezagunak diren edo euren ibilbideari errekonozimenduren bat jaso duten idazleak hirira gonbidatzen ditu urtean zehar. 2019 urtea ezkeroztik Najat El Hachmi, Leonardo Padura, Petros Márkaris, Selva Almada eta Jhumpa Lahiri izan dira gonbidatuak.
2023ko azaroaren 13tik 26ra, beste urte batez, Donostia Letren Hiria bilakatuko duen Literaktum Jaialdiaren aurrekaria izango da topaketa.
Olga Tokarczuk
Eleberri eta saiakera idazlea, Olga Tokarczukek (Sulechow, Polonia, 1962) egokitzapen eszenikoen eta poesia egilea ere bada. 2018ko Literaturako Nobel sariaz gain, Tokarczukek Brückepreis edo Nike bezalako sariak jaso ditu, bere herrialdean ematen direnen artean ospetsuena. Bederatzi eleberri eta hiru kontakizun libururen egilea da, berrogeita bost hizkuntzatara itzuli dira bere lanak, eta Annie Proulx edo Svetlana Alexiévich bezalako lankideen aintzatespena jaso du.
Euskaraz liburu bat du Tokarczukek Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Elkar, 2020), Amaia Apalauza Ollo / Sonia Kolaczek-ek itzulia. Gainera, Uxue Alberdik itzulitako bi testu daude armiarma.eus-en: Konpresak eta Mingaina da gizakiaren giharrik indartsuena.
Danele Sarriugarte
Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989). Idazlea eta itzultzailea. Bi eleberri eta hainbat narrazio argitaratu ditu, eta Luisa Carnés eta Henry David Thoreau-ren lanak euskaratu ditu, besteak beste. Prentsan, iraupen luzeko elkarrizketak argitaratzen ditu Argia aldizkariko Jendeak atalean.