Web mapa
Hizkuntzak

Jatorri indiarreko idazle estatubatuar ezaguna izango da 2023ko lehen Literaktum Topaketen protagonista. Jumpa Lahiri bere ibilbide literarioaz eta apirilean argitaratuko duen Cuentos romanos (Lumen, 2023) liburu berriaz arituko da Iban Zaldua idazlearekin.

Literaktum Topaketak: Jhumpa Lahiri handia
© Elena Seibert

Urtean zehar nazioartean ezagunak diren edo literatur ibilbideari saria jaso duten idazleen bisitak jasotzeko aukera ematen digute Literaktum Topaketek. 2019 urtea ezkeroztik Najat El Hachmi, Leonardo Padura, Petros Márkaris eta Selva Almada izan dira gonbidatuak. 2023ko azaroaren 13tik 26ra,  Donostia beste urte batez Letren Hiria bilakatuko duen Literaktum Jaialdiaren aurrekaria izango da topaketa.

Erresuma Batuan guraso bengalarrengandik1967an jaioa, Jhumpa Lahirik haurtzaroa eta gaztaroa Estatu Batuetan igaro zituen. Ezaguna da, besteak beste, kritikak eta publikoak goraipatutako bi kontakizun-libururen egilea delako.

Lehen argitalpenarekin, El intérprete del dolor (1999), kontakizun laburren bilduma bat, Pulitzer, Henry Award O. eta PEN/Hemingway Award sariak irabazi zituen. Tierra deshabituada (2008), kontakizun laburren beste lan bat, 2008ko Libururik Onena izendatu zuen The New York Times egunkariak, eta Frank O. Connor, Asian American Literary Award eta Gregor von Rezzori sariak jaso zituen.

Halaber, El buen nombre (2003), La hondonada (2013) eta Donde me encuentro (Lumen, 2018) eleberriak argitaratu ditu, baita En otras palabras (2015) liburuan bildutako saiakerak eta Lumenen katalogoan laster agertuko den El cuaderno de Nerina poema-liburua ere. 2012an AEBetako Arteen eta Letren Akademian sartu zen, 2015ean Humanitateen Domina Nazionala eta Guggenheim Beka jaso zituen, eta 2017an PEN/Malamud Award saria jaso zuen. Domenico Starnoneren Ataduras eta Scherzetto eleberriak ingelesera itzuli ditu.

Cuentos romanos (Lumen, 2023) lanarekin kontakizunaren generora itzuli da Jhumpa Lahiri, mundu osoan ospetsu egin zuena.

Iban Zaldua (Donostia, 1966) izango du solaskide. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko historia irakaslea izateaz gain, kontakizun eta ipuin idazlea da batez ere.

Hitzordua Okendo Kultur Etxean izango da, apirilaren 26ko arratsaldeko 19:00etan eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.