Web mapa
Hizkuntzak

Jende ugari hurbildu da publiko guztientzat antolatutako 55 ekitaldietara.

Irati Jimenez

Literaktum, Hitzen jaialdiak, azaroaren 9tik 23ra egin du aurtengo bidea, hainbat erakunderekin elkarlanean. 6.100 lagunek hartu dute parte, heldu zein haurrentzat antolatutako 55 jardueretan.

Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak izan du gai nagusia jaialdiak. Gutxiengoen istorioak, ikustezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak izan dira bi astez hizpide Literaktumen. Gai nagusi honen harira, honako idazleak izan dira Literaktumen: Joseba Sarrionandia, Elvira Mínguez, Lucía Solla Sobral, Nerea Pallares, Garazi Kamio, Fabio Neri, Ken Bugul eta Sergio del Molino.

Bestelako gaiak landu izan dituzten egileek ere aurkeztu dituzte euren lanak, besteak beste: Juan Gabriel Vásquez, Irati Jimenez, Máximo Huerta eta Yasmina Reza. Horiez gain, Uwe Wittstockek, Patricio Pronek, Itziar Ugartek, Manuel Vilasek, Madalena Matosok eta Llucia Ramisek euren sorkuntzen berri eman dute. 

Idazleekin solasaldiez gain, beste jarduera mota ugari ere izan dira, adibidez: Kutxa Fundazioa Literatura Sariak, Ángel Marcoren errezitaldia, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen 85 Kopla emanaldia, Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoa, Dudak dakarrena liburuan oinarritutako Itziar Aranburu eta Jon Ander Garciaren arteko elkarrizketa eta Río rojo, Ernesto Is, gaztelaniazko Kutxa Literatur saridunaren antzezlanaren performancea. 

Publiko aldetik, honako saioak izan dira bereziki arrakastatsuak: Juan Gabriel Vásquez, Yasmina Reza, Manuel Vilasen saioak eta Máximo Huertarekin Tomasene liburutegian izandako topaketa.

Oraindik era ikusgai dauden erakusketa ugari izan dira aurtengo edizioan: Dudak dakarrena, Okendo Kultur Etxean, Poesia, oinarrizko bizi euskarria, Intxaurrondo Kultur Etxean, Iraganeko eta gaurko euskal ilustrazioa eta Feillet ahizpei omenaldia, Aiete Kultur Etxean, hala nola, Gure gailurretako historia marrazten, Ernest Lluch Kultur Etxean. Azken erakusketa honen arrakasta dela medio, bisita gidatu irekia egingo da azaroaren 26an arratsaldeko 18:00etan. 

Literaktum Txikiak ere, parte hartze esanguratsua izan du. Ipuin kontalariak, antzezlanak, Haurren Egun Unibertsalaren X festa, ilustratzaileekin tailerrak eta Pinotxoren abenturak ardatz izan duen Ilustrazio Lehiaketak osatu dute programa. Ilustrazio Lehiaketak seigarren edizioa ospatu du eta 242 marrazki aurkeztu dira.

Donostia Kulturak antolatuta, Literaktumek lankidetza-sarean du bere indarguneetako bat. Aurten ere, Kutxa Fundazioa, Afrika Behar Beharrezkoa, Biblioteka Narodowa, Donostia Gazteria, Donostiako Udaleko Kultur Aniztasunaren eta Giza Eskubiden Bulegoa, Etxepare Euskal Institutua, Föderverein Wiesbadener Literaturhaus Villa Clementine e.V., Gipuzkoako Liburu Denden Elkartea eta Mestiza Elkartea izan ditu bidelagun jaialdiak besteren artean.

Literaktum, literaturaren urteroko festa amaitu da, baina oraindik egileek hausnartu eta esan dutena entzuteko aukera dago jardueren podcastak entzunez, Literaktum, Donostia Kultura Irratia, DK ON! webguneetan eta podcast plataforma nagusietan.