Hizkuntzak
27 ikastetxe 2026-2027 ikasturteko 'Liburuka' irakurketa proiektuan
Liburuka proiektuan izena emateko epea amaituta, esan dezakegu egitasmoak harrera oso ona izan duela. Zehazki, Irakurle gazteak ekimenean 189 liburu kaxa eskaera jaso da eta 110 motxila txikik ekingo diote zirkuituari. Guztira, 2026-2027 ikasturtean, Donostiako 32 ikastetxek parte hartuko dute aipatutako programetan.
Donostia Kulturako Liburutegien eta Donostiako hainbat ikastetxeren parte hartzearekin gauzatuko da eta bi ekimen burutuko dira, urritik ekainera bitartean.
Motxila Txikia
Motxila txikia egitasmoa Galtzagorri Elkartearekin batera egiten da, Mintzoan kux-kux izeneko egitasmo zabalago baten barnean (lehen Bularretik mintzora). Irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako (6-8 urte) ikasleei zuzenduta dago.
Astero ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta etxean irakurri ondoren, ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin; gero, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.
Irakurle gazteak
Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko (6-12 urte) eta DBHko 1. zikloko (12-14 urte) ikasleei zuzenduta dago. Liburutegiek proiektu honetarako hautatuak izan diren liburuak mailegatuko dizkiete ikastetxeei, 2 hilabete eta erdiko epean ikasgeletan irakur ditzaten.
Hainbat liburu mota (albuma, narratiba, poesia, antzerkia, komikia eta ezagutza liburuak) bidaliko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatziak. Bidalketa kaxa berezi batzuetan egingo da, eta kaxa horiek egokiak izango dira ikasgelan liburutegiko liburuak erakusgarri izateko.
