Web mapa
Hizkuntzak

IREKIAK Gallery Weekend Donostia ekimenaren seigarren edizioa egingo da aurten maiatzaren 29tik 31ra; lehenengo aldiz, irailean izan ohi diren datak aldatu egingo dira. Egun horietan, Donostiako hainbat espazio artistikotan egingo diren erakusketa eta jarduerek programazio anitz eta erakargarria eskainiko dute.

Aurkezpenean parte hartu duten ordezkarien argazkia

Ekimenaren egunak maiatzera aldatuta, hirian bereziki dinamikoa den unean kokatu nahi izan da ekitaldia. Hala, arte garaikidearen ikusgarritasuna eta galerien eta erakundeen arteko lana sendotuko dira, hiriko kultura-ehuna indartuz.

IREKIAK Gallery Weekend Donostia urteko ezinbesteko hitzordua da hiriko arte, kultura eta turismoaren panoraman, eta arte garaikideari eskainitako nazioarteko beste topaketa batzuen bideari jarraitzen dio. DAGGEk (Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak), Tabakalerak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, San Telmo Museoaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Jaialdiaren ardatz nagusietako bat, aurten ere, bisita gidatuak izango dira. Ekimenean parte hartzen duten galerietan zehar ibilbide inspiratzaileak proposatuko dira, artisten, galeristen eta ikusle mota ezberdinen arteko topaketa sustatzeko. Ibilbide horien bidez, IREKIAK ekimenaren helburua da arte garaikidea ikusle berriengana hurbiltzea, eta sortzaileek diziplina eta lengoaia anitzetatik egindako lanaren garrantzia nabarmentzea.

Instalazioak, performanceak, argazkigintza, eskultura, pintura, marrazketa, arte digitala edo proiekzioak izango dira edizio berri honen programazioaren parte; sei galeriatan egingo dira, hiriko hainbat txokotan banatuta: Cibrián galeria, La Central Art Gallery eta Arteko Gallery, Grosen; Ekain arte lanak, Parte Zaharrean; Arteztu galeria, Antiguan; eta Sakana Gallery, Egian.