Hizkuntzak
"Ipuscua. 1000 urte" erakusketa, ekainaren 29ra arte luzatua
San Telmo Museoak ekainaren 29ra arte luzatuko du Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara (1025-2025) erakusketa. Hasieran maiatzaren 11ra arte zabalik egongo zela iragarri zen arren, museoak luzatzeko erabakia hartu du bisitariek erakusketari egindako harrera beroa dela medio; izan ere, orain arte 15.500 bisitatik gora izan ditu. Erakusketa luzatzearekin batera, bisita gidatu programatuak eta eskolentzako eskaintza ere luzatu ditu museoak.

Orain arte bezala, datozen asteetan ere bisita gidatu programatuak egongo dira. Astearteetan (10:30ean gaztelaniaz + 18:00etan euskaraz) eta larunbatetan (10:30ean euskaraz + 18:00etan gaztelaniaz). Bisita doakoa da (beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea), baina museoko sarrera erosi behar da.
Orain arte 900 ikasletik gora etorri dira eskola taldeetan eta orain gehiagok izango du aukera gure herrialdeko historia ezagutzeko, hezkuntza zentroentzako prestatutako eskaintza (bisita gidatuak eta bisita-tailerrak) ere mantenduko baitu museoak. Eskolentzako bisita guztiak doakoak dira eta Bigarren Hezkuntzakoek, gainera, Foru Aldundiaren Kultura Eskola programari esker joan etorrietarako laguntza dute.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu, etzi, maiatzak 7 erakusketan dagoen Gipuzkoako maketari buruzko hitzaldia eskainiko duela Ana Azpirik. Una maqueta para la ordenación de Gipuzkoa, 1951. hitzaldia 19:00etan izango da, gaztelaniaz, eta streaming bidez ere emango da.