Web mapa
Hizkuntzak

Imanol Larzabal jaio zela 75 urte beteko dira aste honetan. Horregatik, Lugaritz Kultur Etxean dagoen Imanol Larzabal aretoak dokumental baten aurrestreinaldia eta bere lagunek bultzatutako kontzertu berezia hartuko ditu.

Imanol  Larzabal abeslaria

2004. urtean, Imanol hil ondoren, abeslariaren oroimena bizirik mantentzea helburu zuen pertsona-talde bat sortu zen Imanolen lagunak izenarekin. 2007an Lugaritz Kultur Etxeko antzokiak Imanol Larzabal aretoa izena hartu zuen. Data horretatik aurrera eta 2014ra arte, talde horren eta Donostia Kulturaren arteko lankidetza hasi zen. Lankidetza horrek urteroko hainbat ekitaldien antolakuntzan eman zuen fruitua Imanol Oroituz izenburupean, abeslariaren alderdi artistikoa eta gizatiarra gogora ekarriz.

Aurten, 2022an, Imanolen jaiotzaren 75. urteurrena da, eta hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu dira azaroaren 11n eta 12an. Donostia Kulturak oroitzapenezko programa hau egiten laguntzen du eta ondorengo ekitaldi hauek izango dira.

Azaroaren 11n, ostiraleko 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, On Time Ekoizpenak-ek produzitutako Imanol: Azken kontzertua dokumentala proiektatuko da. Javier Gutiérrez errealizatzailearen eta Iñigo Kintana zuzendariaren lanak 70 minutuko iraupena du eta sortzaile eta abeslariaren ibilbidea errepasatzen du, batez ere bere kultur ekarpenari garrantzia emanez. Sarrera doakoa izango da eta aurrestreinaldirako gonbidapenak esteka honetan eta Donostia Kulturaren leihatiletan jaso daitekezke.

Azaroaren 12an, larunbata, trikitilariek lagundutako Kantu Jira bat abiatuko da 12:00etan Antiguako Benta Berri plazatik. Imanoli eskainitako mural bat dago bertan. Kalejira ostean, partaideak 14:00etan Txirain elkartean antolatu den bazkari herrikoira zuzenduko dira. Bazkarirako izen-ematea ondorengo helbide elektronikoan: [email protected].

Azaroaren 12an ere, 19:00etan, kontzertu berezia izango da Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, eta ondorengo artista hauek hartuko dute parte: Amaia Zubiria, Olatz Salvador, Maria Amolategi, Olatz Prat, Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Iosune Marin, Telmo Trenor eta Beñat Mujika. Kontzerturako sarreraren prezioa 9 €-koa da, % 10eko deskontuarekin Donostia Kulturako bazkideentzat. Sarrerak esteka honetan eta Donostia Kulturaren lehiatiletan eros daitezke.