Hizkuntzak
'Ibaitik itsasoraino, beste begirada bat': Palestinari buruzko zikloa Intxaurrondon
Azaroaren 11tik abenduaren 24a bitartean Intxaurrondo Kultur Etxean ikusgai izango den Federico Vespignaniren Short term, but Long Term erakusketaren inguruan hainbat jarduera antolatu da: hitzaldi bat (Mikel Aramendi) eta literatur solasaldia euskaraz, baita mahai-inguru bat gaztelaniaz Hithem Abdulhaleem palestinarra eta Liliana Córdova Kaczerginski juduarekin ere.
Federico Vespignani italiarraren Short term, but Long Term proiektua Israelgo IDFko soldaduen Tinder eta antzeko aplikazioetako hainbat profilekin osatua dago. Irudi bilduma honek, Gazako genozidioaren testuinguruan Israelen zabaldu den kultura militarraren eta heriotzaren erotizazioaren inguruko hausnarketa gordina eragiten du.
Erakusketaren irekiera egunean, azaroaren 11n hain zuzen, Mikel Aramendi kazetari eta filologo itsasondoarrak Sionismoa; traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat hitzaldia emango du, 1947tik gaur egun arteko gertakarien eta sionismoaren gako nagusien errepasoa eginez.
Horren ondoren, azaroaren 11n bertan, Iratxe Retolazak gidatutako literatur solasaldia izango da Adania Shibliren Detaile xume bat liburuaren bueltan. Bi jarduera hauek Plazara Goaz Intxaurrondoko euskara elkartearekin elkarlanean antolatu dira.
Azaroaren 12an, berriz, Deshumanizar como estrategia mahai-ingurua izango da, Jaime Otamendik gidatua, eta bi gonbidatu bereziekin.
Alde batetik, Hithem Abdulhaleem psikologian doktorea. Duela 25 urte Euskal Herrian errotutako palestinar honek doktore-tesia egin zuen fundamentalismo erlijiosoaren fenomenoari eta erradikalizazio-prozesuei buruzkoa. Euskal Herrian bizi den komunitate musulmanari buruzko liburu bat argitaratu du, baita Israelgo palestinarren gatazkari eta kulturartekotasunari, elkarrizketari eta kultura-aniztasunaren kudeaketari buruzko hainbat prentsa-artikulu idatzi ere.
Bestetik, hasiera batean Donna Nevel zegoen iragarrita, baina ez da bertan egongo, osasun arrazoiak direla. Bere tokia Liliana Córdova Kaczerginskik hartuko du. Liliana Parisen jaio zen eta gurasoak nazien genozidiotik bizirik ateratako lituaniarrak ziren. Israelen ia 15 urtez bizi ondoren, Frantziara mugitu zen, eta bertan pedagogo gisa egin zuen lan; gaur egun erretreta hartuta Espainian bizi da. Bakearen aldeko Frantziako Juduen Batasunean eta European Jews for a Just Peace-n parte hartzen du aktibista gisa, eta International Jewish Antizionist Network sarearen sortzaileetako bat izan zen, 20 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duen elkartea.
Mahai-inguruan Palestinako genozidioaren azterketa politiko eta geopolitikoaren enegarren errepasoa baino, genozidioa ahalbidetu duten bestelako faktore eta gako sozial, hezitzaile eta psikologikoetara hurbiltzeko saiakera egingo da. Indarrean dagoen deshumanizaziora iristeko egindako ibilbidearen gainbegirada bat, hain zuzen ere.
Programazioa
- Azaroaren 11tik abenduaren 24ra, erakusketa: Short term, but Long Term.
- Azaroaren 11n, Mikel Aramendiren hitzaldia: Sionismoa; traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat. 18:30. Euskaraz.
- Azaroaren 11n, Adania Shibliren Detaile xume bat liburuari buruzko literatur solasaldia, 19:30. Euskaraz.
- Azaroaren 12an, Deshumanizar como estrategia mahai-ingurua, 19:00. Gaztelaniaz.
