Hizkuntzak
San Telmon abiatuko du Badalabek Hiperstizio Fabrika hilaren 27an
Samuel R. Delanyren Babel-17 eleberria eta Oier Etxeberriaren lana abiapuntu hartuta, hizkuntzaren ahalmen eraldatzailea esploratzeko eta euskararen etorkizun berriak irudikatzeko hiru saio egingo dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. 2027ko udaberrian argitaratuko da, Consonniren eskutik, eleberriaren euskarazko bertsioa.
Zergatik eta zertarako euskara? Zergatik bizi nahi dugu euskaraz, hizkuntza hegemoniko batean errazago uler bagintezke? Euskara altxor bat da? Hizkuntza zahar bat? Europako hizkuntza zaharrena al da? Erromatarrek hitz egiten al zuten euskaraz? Historiak jipoitutakoen hizkuntza al da? Egunero aurkitzen ditugun galdera, baieztapen eta kontraesanen adibide batzuk besterik ez dira. Baina zer kontatzen dugu euskarari buruz? Eta zer kontakizun berri behar ditugu hizkuntzaren biziberritzean?
Galdera horietatik abiatuta, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiak Hiperstizio Fabrika jarriko du martxan, euskararen inguruko diskurtsoak, narratibak eta iruditeriak berrikusteko, deseraikitzeko eta berriak sortzeko. Ekimenaren lehen hiru saioak Donostiako San Telmo Museoan (azaroak 27), Bilboko Arte Ederren Museoan (2027ko urtarrilak 22) eta Gasteizko IAKn (2027ko otsailean) egingo dira, artea, fikzioa eta esperimentazio kolektiboa uztartuz.
Hiperstizio Fabrikaren proposamena da euskararen inguruko kontakizun berriak sortzea, partekatzea eta esperimentatzea, irudikatutako etorkizun horiek gaurdanik eraikitzen hasteko. Zientzia-fikzioa ez litzateke, beraz, etorkizuna iragartzeko tresna hutsa izango, eraldaketa soziala aktibatzeko baliabidea baizik.
- Ikusi museoko saioari buruz gehiago: Babel-17. Euskararen hiperstizio fabrika; Itxaro Borda, Oier Etxeberria (azaroak 27)
