Hizkuntzak
Ontzitegia da HAU diseinu lehiaketarako aurtengo langaia
HAU Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketaren zortzigarren edizioko deialdia zabaldu dute gaur San Telmo Museoak eta Bitamine Faktoriak. Lehiaketa honen helburua euskal kulturaren objektu tradizional bat berritzea da eta edizio honetan ontzitegia, zehatzago manka izeneko altzaria, izango da langaia. Proiektuak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.

Lehiaketa Bitamine Faktoriak eta San Telmo Museoak antolatzen dute Aranzadi Zientzia Elkartearen, Mondragon Unibertsitatearen, EIDEren (Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioetakoak biltzen dituen elkarte profesionala) eta Muebles Lufe enpresaren laguntzarekin.
Objektuari buruz
Deialdi honetan berrikusi beharreko pieza arasa-armairua edo ontzitegia da, zehazki manka izenekoa. Manka Euskal Herriko altzari tipikoa da, batez ere Ipar Euskal Herrian. Bi edo hiru ateko arasa moduko bat da, nahiko altua (1,60 m inguru), ia armairu txikia. Armairuaz gain, estalkia duen kutxatila edo kutxa izan dezake goiko aldean, eta kaxoi bat beheko aldean. Garai batean Euskal Herriko sukalde edo jantoki gehienetan egoten zen, eta mankak hiru biltegiratze funtzio betetzen zituen: goiko kutxa aste osoko ogia gordetzeko erabiltzen zen (mahai-zapiak gordetzeko, beste interpretazio batzuen arabera), atedun armairuaren barruan baxera zegoen eta tiraderan mahai-zapiak.
Saria eta hautatutako diseinuak
Epaimahaiak sari bakarra emango du, 2.000 eurokoa. Irabazlearekin batera, lehiaketan parte hartu duten lan nabarmenenak San Telmo Museoan egingo den erakusketa batean ikusgai egongo dira. Halaber, erakusketarako hautatzen diren diseinuen egileek Muebles LUFE enpresaren instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.