Web mapa
Hizkuntzak

Abuztuaren 3etik  irailaren 1era egingo da Donostian Musika Hamabostaldiaren 84. edizioa. Donostia Kulturako bi gunek hartuko dituzte hainbat emanaldi: San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokiak. Sarrerak musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan daude salgai.

Judith Jáuregui, Soyoung Yoon & Nadège Rochat

Victoria Eugenia: Fallaren musikaren ikuspegi berria eta Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusia

Abuztuaren 8an, Landarbaso Abesbatza eta Kontarik, abesbatzaren haurrentzako sailak, Nora? ikuskizuna aurkeztuko dute 19:00etan. Laura Jekabsone eta Maddalen Dorronsororen ideia batetik abiatzen da haurrentzako euskarazko opera hau.

Euskal Barrok Ensemblek antzinako musika herrikoiak biltzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, Fallaren El amor brujo oinarri hartuta. Kontzertua abuztuaren 28an programatu da, 20:00etan.

Bi ziklo San Telmo Museoan

Antzinako Musika Zikloa

Abuztuaren 5etik 27ra Antzinako Musika Zikloaren barruan kokatzen diren 5 kontzertuak hartuko ditu San Telmo Museoak iluntzeko 20:30ean:

  • Abuztuaren 5ean, Jorge Jiménezen zuzendaritzapean, Tercia Realidad taldeak Farinelliren esentzia eta bere musika berreskuratuko ditu biolinaren soinuaren bidez, 1720ko eta 1730eko hamarkadetan castratorako idatzitako errepertorioarekin.
  • Abuztuaren 9an, Brezza taldeaEl arte de preludiar (preludioak egiteko artea) programa interpretatuko du, Couperin, Abel, Morel, Haendel, Leclair, Ramea eta abarren lanekin.
  • Abuztuaren 11n, Raquel Andueza eta La GalaniaSeguace d 'amore aurkeztuko dute.
  • Abuztuaren 19an, Daniel Zapicok, Carlos Mena kontratenorrarekin batera, La Nouvelle Musique aurkeztuko du: Frantziako barrokoaren pieza originalak tiorba eta ahotserako musikaren orrialde berri bihurtuak transkripzioaren teknikaren bidez.
  • Zikloa Vivid Consort flauta hirukoteak itxiko du abuztuaren 27an. Sundrie interpretatuko du (Errenazimentuko eta Erdi Aroko musikan oinarritutako programa), Errenazimentuko konpositore ingelesen piezak biltzen dituena, hala nola Cornish, Dowland edo Morley.

Ganberako Musika Zikloa

Ganberako Musika Zikloari ere San Telmo Museoak emango dio aterpe abuztuaren 10etik 23ra. Hona hemen iluntzeko 20:30etik aurrera izango ditugun bost proposamenak:

  • Abuztuaren 10ean, Cuarteto Trifoliumek, ikuspegi historizista batetik, hari-laukoteak hasieratik Mozarteraino izan duen bilakaera erakutsiko du, honek Haydni eskainitako serieko lehen laukotearekin.
  • Abuztuaren 13an, Francisco Fernández-Rueda (tenorra), Andoni Mercero (biolina) eta Susana Garciak (pianoa), Nacedo hari-hirukotearekin batera, Vaughan Williamsen On Wenlock Edge zikloan oinarritutako kontzertu bat emango dute.
  • Abuztuaren 17an, Cuarteto Bretónek izena ematen dion musikagilearen heriotzaren mendeurrena oroituko du, bere lanen aukeraketa batekin, Brahmsen kuartetoekin batera interpretatuko duena.
  • Abuztuaren 21ean, Judith Jáuregui pianista donostiarra, Soyoung Yoon biolin jotzailea eta Nadège Rochat biolontxelo jotzaileak XIX. mende amaierako egileen lanak eskainiko dituzte: Arensky, Debussy eta Brahms.
  • Eta, amaitzeko, abuztuaren 23an, Josu de Solaun (pianoa) eta Adolfo Gutiérrez Arenasek (biolontxeloa) beren proiekturik pertsonalena aurkeztuko dute, XIX. mendeko egile erromantikoak ere ardatz hartuta: Loss & Love diskoa.