Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak Graciela Iturbide, bideko ezustekoak erakusketa aurkeztu du. Laborategia aretoan izango da ikusgai gaurtik abuztuaren 30era bitartean, doako sarrerarekin. María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu. 

María Millan, Ana Lopez Loiarte eta Susana Soto Graciela Iturbideren erakusketan
Iker Azurmendi

Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

Komisarioaren proposamenak azpimarratzen du Iturbideren lanak maisuki saihesten dituela paternalismoa, bazterketa edo dotoretasuna. Bere erretratuek herrien aniztasuna ohoratzen dute, epaiketa moralizatzaileetan erori gabe, subjektuen edertasuna, errespetua eta duintasuna erakutsiz. Gaur egungo gizartean, argazkilariaren begirada arretatsua, errespetuzkoa eta patxadatsua erresistentzia humanistako ekintza bihurtzen da, eta "bestea, desberdina" bere lanetan ospatzen da.

Erakusketak bere lanaren irudi ospetsuenetako batzuei eskaintzen die tarte nabarmena, besteak beste, Mujer ángel [Andre aingerua](1980), Sonorako basamortuan Seri arrantzale herriarekin izandako elkarbizitzaren emaitza; Nuestra Señora de las Iguanas [Iguanen Andre Gurea] (1979), Juchitánen (Oaxaca) egin zuen proiektuari dagokiona, hainbat kolektibok berrinterpretatu duten eta ikur global bihurtu den argazkiari dagokiona; edo Magnolia (1986), Iturbidek genero aniztasunari buruzko eztabaida garaikideei aurrea hartzeko erabiltzen duen erretratua, Muxe pertsonek, estigmatizatuak izan gabe, betetzen duten gizarte-antolamenduari eta bertan betetzen duten rolari buruz hitz egiten diguna.