Web mapa
Hizkuntzak

Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai izango ditu hizpide, besteak beste, Ukrainako gerrako haurren egoerara eta Palestinako historia hurbila. Azken gai horretara hurbiltzeko, Palestinako film laburren hautaketa bat eskainiko da (2019an zinemaldian saritutako Annemarie Jacir zinegileak egin du komisario lana), eta baita Hiam Abbas aktorearen bizitzaren kontakizuna biltzen duen filma ere. Lanaren etorkizunaz, migrazioa arma politiko eta militar gisa erabiltzeaz, eta emaginez ere hitz egingo da, beste gai askoren artean.

About Dry Grasses
Sobre la hierba seca © Nuri Bilge Ceylan

19:00/20:00etako proiekzioen ondoren egingo diren solasaldietan gaurkotasuneko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkarien eta giza eskubideen arloan lan egiten duten pertsona, aktibista eta erakundeen parte hartzearekin.

SAIL OFIZIALEKO FILM LUZEEN AURRERAPENA

  • After Work (2023). Erik Gandini. Suedia-Italia-Norvegia

Gure gizartea laneko gizartea da. Haurtzarotik irakasten digute trebeak izaten. Adimen artifizialaren agerraldiaren ondorioz, gizakiak birplanteatu egin behar du lanak bere bizitzan duen papera, egun dauden lanbide gehienak hamarkada batzuetan desager baitaitezke. Horren ondorioei buruzko eztabaida teknologiako espezialistak eta ekonomialariak ari dira kontrolatzen, eta askotan zientzia fikziozko distopia baten ezaugarriak hartzen ditu. Badirudi eztabaidatik kanpo dagoela giza ikuspegia. Erik Gandini munduko hainbat lekutatik dabil bidaiatzen, etorkizuna nolakoa izango den eta gizakiak lan egiteari uzten dionean zer gertatuko den galdetzeko.

  • Bye Bye Tiberias (2023). Lina Soualem. Frantzia-Palestina-Belgika-Qatar

Hiam Abbassek hogei urte zituela utzi zuen Palestina, bere jaioterria, Europara joan eta aktore bihurtzeko ametsa bete nahian, ama, amona eta zazpi ahizpak atzean utzita. Hogeita hamar urte geroago, bere alaba Lina, zinegilea, berarekin batera bueltatzen da, eta lehen aldiz galdetzen dio bere buruari amak hartu zituen erabaki ausartei, aukeratutako erbesteari eta bere familiako emakumeek bien bizitzetan izan duten eraginari buruz. Iraganaren eta orainaren artean, egungo irudiak, familiaren laurogeita hamarreko hamarkadako grabazioak eta artxibo historikoak tartekatzen ditu lan honek emakume palestinarren lau belaunaldi erretratatzeko, eta haiek utzitako ondarea eta historia bizirik mantentzeko, erbesteak, etxegabetzeak eta bihotz erdiratuak eragindako atsekabea gorabehera.

  • Green Border (2023). Agnieszka Holland. Polonia-AEB-Frantzia-Txekiar Errepublika-Belgika

Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko “muga berdea” osatzen duten baso engainagarri eta zingiratsuetan, Ekialde Hurbileko eta Afrikako errefuxiatuak Europar Batasunera iritsi nahian dabiltza, Alexander Lukashenko diktadore bielorrusiarrak zinikoki asmatutako krisi geopolitiko batean harrapatuta. Europa zirikatzeko saialdi batean, errefuxiatuak mugara erakartzen dituzte EBra erraz igarotzeko itxaropena pizten dien propagandaren bidez. Gerra ezkutu honetako peoien artean daude, Julia, bere bizitza erosoari uko egin dion ekintzaile errekrutatu berria, Jan, mugako guardia gazte bat, eta Siriako familia bat. Hala, haien bizitzak elkarlotu egiten dira bertan.

  • Indarkeriaren oi(h)artzunak (2023). Amaia Merino, Ander Iriarte. Espainia

ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko talde batek 17 egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aita eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa... Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa, eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa.

  • Matronas (Sages-femmes, 2023). Léa Fehner. Frantzia

5 urtez emagin lanbidea ikasi ondoren, Louise eta Sofia ospitale batean hasi dira lanean. Lan-munduari aurre egiteko unea da, erantzukizun handiak hartzekoa, dena erritmo frenetikoan igarotzen den eta pentsatzeko ia denborarik ez dagoen leku batean. Egunerokotasunean bizi duten prekarietateak jazarriak, etengabe egin behar diete aurre jaiotzari, amatasunari eta, zenbaitetan, heriotzari, haien bokazioa proban jarrita.

  • Photophobia (2023). Ivan Ostrochovský, Pavol Pekarčík. Eslovakia-Txekiar Errepublika-Ukraina

Otsaileko goiz izoztu batean, Niki 12 urteko mutikoa eta bere familia Karkoveko (Ukraina) metro-geltoki batera iritsi dira bonbardaketetatik ihes egiteko. Egun argia arriskuaren sinonimo da. Beraz, semeari debekatu egiten diote handik irtetea. Nikik neoizko argien azpian bizitzen ematen ditu hurrengo hilabeteak. Harik eta egun batean 11 urteko Vika ezagutu eta mundu berri bat zabaltzen zaion arte. Elkarrekin indarra eta kemena berreskuratuko dute aurre egiten jarraitzeko, eguzki argia berriro ikusi ahal izateko irrikaz beti.

  • Sobre la hierba seca (Kuru otlar üstüne / About Dry Grasses, 2023). Nuri Bilge Ceylan. Turkia-Frantzia-Alemania

Samet, arte irakasle gaztea, lau urte iraundako derrigorrezko soldadutza zerbitzua amaitzen ari da Anatoliako herri urrun batean. Gertaerek beste norabide bat hartu dute ustekabean, eta bere burua harrapatuta ikusten duen bizitza ilun horretatik ihes egiteko itxaropena galtzen du. Nurayrekin topo egiteak, irakaslea bera ere, lagunduko al dio bere larritasuna gainditzen? Nuri Bilge Ceylan turkiar zinegilearen film berria; berak zuzenduak dira, besteak beste, Three Monkeys (2009), Once Upon a Time in Anatolia (2011) eta The Wild Pear Tree (2018).

  • Woman of... (Kobieta z..., 2023). Małgorzata Szumowska, Michał Englert. Polonia-Suedia

Poloniak komunismotik kapitalismorako trantsizioa bizi duen unean girotua, filmak Aniela Wesolyren bizitzako 45 urte jasotzen ditu. Bere helduaroaren erdia baino gehiago bizi izan du probintzietako hiri batean, gizon gisa. Aniela, ordea, emakume trans bat da, eta bere askatasun pertsonala aurkitzeko egiten duen bidaian hainbat zailtasuni egin behar die aurre bere familia-bizitzan, baita bere ingurunean jasaten duen ulermen ezari ere. Erabaki zail ugari hartu beharrean izango da benetan dena bihurtzeko.