Web mapa
Hizkuntzak

Nazioarteko lankidetzan jarduten duten 85 euskal GKE biltzen ditu Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak (horietako 53 Gipuzkoan daude). Erakunde horrek online jolas honen hirugarren edizioa proposatu du Esna TÚ izenburupean. Oraingoan, hitz-joko horren bidez, erreferentzia egiten dio “esnatzearen eta indibidualki zein kolektiboki ekitearen beharrari” planeta zaintzeko eta jasangarriagoa den mundu bat lortzeko. Ekimen hau Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiaren programazio gehigarri ofizialaren parte da. Zinemaldia hiriburu horretan ospatuko da apirilaren 21etik 28ra.

Esna TÚ

“Quiz” formatuan oinarritutako online-jolas erraz honen bidez, edonork jakin izango du modu entretenigarri eta dibertigarrian “zenbat maite duen Amalurra, hura nola zaintzen duen (edo ez) eta zer dagoen gure eguneroko ekintzen atzean (eta horiek zer inpaktu duten ingurugiroan eta mundu osoko pertsona askoren giza eskubideetan)”, dio ekimena bultzatu duen kolektiboak.

Esna TÚ doako proposamen irekia da, oso aproposa jolasaren eta hausnarketaren bidez giza eskubideetara eta lankidetzara hurbildu nahi duen edonorentzat. “10 galdera ditu, eta horien bitartez ohartu gaitezke, adibidez, zer dagoen egunero jaten duzun entsaladaren beste aldean, zer ez dizuten kontatzen 10 euroko hegaldiez, zer dagoen zure esku mundu hau bizitzeko leku egokiago egiteko, edo zer egiten duten Gipuzkoako elkartasunak eta garapenerako GKE-ek mundua eraldatzeko”, aurreratu dute.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak Donostiako Saretuz kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen sareko dendetan gastatzeko bost bonu zozkatuko ditu jolasean parte hartzen duten guztien artean.

Zinemaldiko eskuorri ofizialetan agertzen den QR kodea eskaneatuz edo honako web-orrialde hauen bidez sar daiteke jolasean:

QR EsnaTu

www.labur.eus/esnatu2023
www.ongdeuskadi.org
www.zinemaetagizaeskubideak.eus