Web mapa
Hizkuntzak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta San Telmo Museoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute lurraldeko ondarearen politika publikorako funtsezkoa den lankidetza instituzionalaren eredua indartu eta eguneratzeko. Akordioak San Telmok eta Gordailuak (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Irun) Gipuzkoako ondare higigarria zaintzeko, kontserbatzeko, dokumentatzeko, ikertzeko eta zabaltzeko elkarrekin egindako lana sendotzen du.

Ana López Loiarte, Susana Soto, Goizane Alvarez San Telmo Museoko ekitaldi aretoan
Iker Azurmendi


Berritze honen aurretik hainbat hitzarmen eta akordio izan dira lehenago ahalbidetu dutenak museoaren funtsak Gordailuan gordetzea edo aldi baterako erakusketetako lankidetza artikulatzea.

Akordioaren arabera, San Telmon ikusgai ez dauden bildumak Gordailuan gordeko dira lehentasunez eta doan, ondare-intereseko irizpideak eta kontserbazio-baldintzak bermatuz. Bi erakundeek batera lan egingo dute zentroaren iraunkortasuna ziurtatzeko eta irizpide partekatuak finkatzeko eskuratze berrietarako (erosketa, dohaintza edo komodatua).

Hitzarmenak erakusketa-programazioan eta hedapen-jardueretan ere lankidetza indartzen du, San Telmo formatu handiko erakusketak hartzeko gune gisa eta lurraldeko museo-sistema ikusarazteko nodo gisa, Gordailua baliabide-zentroarekin koordinatuta.

Atal ekonomikoari dagokionez, Aldundiak 300.000 euroko dirulaguntza aurreikusten du (2025eko ekitaldia) aldi baterako erakusketak eta lotutako jarduerak antolatzearen ondoriozko gastuak laguntzeko.

San Telmoren eta Gordailuaren arteko lankidetza hainbat mugarrirekin eraiki da azken urteotan, eta, horri esker, San Telmo erreferentziazko museo gisa eta Gordailua lurraldeko ondare-bildumen zentro gisa sendotu dira. Testuak lau urteko indarraldia izango du, beste lau urtez luza daitekeena.