Hizkuntzak
San Telmo Museoak GCBC argazki-liburu bilduma erosi du
San Telmok Gabriela Cendoya Bergareche Collection (GCBC) argazki-liburu bilduma erosi du, aurrerantzean STM-GCBC argazki-liburu bilduma izena hartuko duena. Museoak bilduma hori 2017tik gordetzen du eta jendearen eskura jartzen du bere liburutegian, bi aldeek urte hartan sinatutako akordioari esker.
GCBC bildumak 3143 ale ditu eta horiei museoak azken urteotan erosi dituen 282 aleak gehitu zaizkie. Hala, aurrerantzean San Telmok gorde eta zabalduko duen argazki-liburu bildumak 3425 ale ditu, Estatuko handienetako bat.
Bilduma garaikidea, nazioartekoa eta oso eklektikoa da, eta arreta berezia eskaintzen die autoedizioei, tirada txiki eta ia bakarreko argazki-liburuei eta emakumeek egindako argazkiei. Gainera, pisu berezia dute autore japoniar eta latinoamerikarrek.
San Telmo Museoarentzat oso interesgarria da hainbat arrazoirengatik. Horien artean azpimarra daiteke, alde batetik, Arte Ederrekin, argazkigintzarekin eta sorkuntza garaikidearekin duen harreman zuzena; eta, bestetik, lantzen dituen gaien aniztasuna, horietako asko gaurkotasun handikoak (migrazioak, gerrak, feminismoa, abortua, zahartzaroa, transexualitatea, klima-aldaketa, adimen artifiziala...) eta museoaren Erronkak programarekin zuzenean lotura dutenak.
Aurrerantzean museoak gorde eta zabalduko duen STM-GCBC argazki-liburu bilduma estatuko aberatsenetakoa da, egun dituen 3425 aleekin. Horrek San Telmo parekatzen du argazki-liburu bildumak ere badituzten lehen mailako beste museo eta arte zentro batzuekin, hala nola MNCARS, Fundación Fotocolectania, MACBA, Fundación Photographic Social Vision...
Orain arte bezala, aurrerantzean ere, museoaren helburua argazki-liburuari balioa ematen jarraitzea izango da bilduma publikoaren eskura jarriz, erakusketak antolatuz eta jarduerak programatuz.
