Web mapa
Hizkuntzak

Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak, lankidetzan, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin sustatutako etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe bekaren epaimahaiak aho batez erabaki du bere lehen edizioan Miriam Montano de Juani (@miriamontano) eta Telmo Sánchez Ugalderi esleitzea beka.

Miriam Montano, Telmo Sánchez, Nerea Izagirre

Ikerketa-proiektu honek erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko du eta erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografiko baten forma izango du. Bi ikerlarien proposamena premisa partekatu batetik abiatzen da. Beraien esanetan, “erleak baliabide-iturri izateaz gain — eztia, argizaria, polinizazioa —, solaskide sinboliko ere izan dira, baserriko bizitzaren zati aktibotzat jotzen zituen kultura-egitura baten barruan”.  Egitasmoak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, bi museoetako bildumen bitartez, erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz.

Memoria gorpuzteko gailuak

Telmo Sánchezek garatutako ikerketa-ildoa erlezaintza tradizionalarekiko erlezaintza sinbiotiko horri lotutako objektuetan oinarrituko da. Bere asmoa elementu material eta sinboliko horiek berriz konfiguratzea da, esanahi berriak emateko.

Miriam Montanok erleei zuzendutako hitzera bideratuko du bere lana: pertsona maite bat hiltzen zenean xuxurlatzen ziren antzinako formuletara. Miriamek artxiboko materialekin lan egingo du: argazkiak, idatzizko testigantzak eta ahozko dokumentuak.

Ikerketa, sormen tailerra eta argitalpena

Bekak irauten duen sei hilabetetan, ekaina eta azaroa bitartean, ikerketaz gain, zianotipia kolektiboko sormen tailer bat egingo da. Aldi berean, eta ikerketa artistikoaren prozesua amaitzeko, kartografia bisual eta poetiko bat garatuko da argitalpen gisa, Telmo eta Miriamen ikerketa indibidualen emaitzak bilduko dituena.